Alberdi Etxeko aparkaleku berria zapatu arratsaldean irekiko dute

Uztarria.eus 2015ko abe. 18a, 18:18
Alberdi Etxea zegoen orubeko aparkaleku berria, gaur.

30 plaza egokitu dituzte Olazko Andre Mariaren eta Artetxe Hostalaren aurrean dagoen orubean. Bestetik, Alde Zaharreko trafikoa bideratzeko pibote sistema berriaren zehaztapenak erabakitzeko bilerak urtarrilean hasiko dituztela esan du Udalak.

Aparkaleku berri bat erabilgarri izango da bihartik aurrera Alde Zaharrean. Alberdi Etxea zegoeneko orubean, Olazko Andre Mariaren eta Artetxe Hostalaren aurrean, 30 autorentzako tokia izango duen parkinga zapatu arratsaldean irekiko dute. Aitor Bereziartua zinegotziak azaldu duenez, "eta azpeitiar guztiek erabili ahal izango dute". Sarrera-irteerak Olazko Andre Mariaren plaza aldetik izango ditu aparkalekuak. Oinezkoak ere ibiltzen diren gunea dela kontuan izanda, erabiltzaileei "kontuz ibiltzeko deia" egin die Udalak.

Plaza berritu eta oinezkotzeko lanak hasterakoan iragarri zuen Udalak Alberdi Etxearen orubean orain martxan jarriko duten aparkalekua egiteko asmoa. Aparkaleku horrekin, eta plazako obrekin batera Soreasuko lur-azpiko parkingean egindako aldaketekin -Alde Zaharreko bizilagunek 12 orduz utzi dezakete kotxea han, doan-, aurreko agintaldian "plazan galdutako aparkalekuak berreskuratzeko" Alde Zaharreko bizilagunekin eta eragileekin adostutakoa gauzatu duela nabarmendu Udalak.

Pibote sistema erabakitzeko bilerak

Alde Zaharreko mugikortasunarekin lotuta, bertan trafikoa bideratzeko pibote sistema berriaren zehaztapenak erabakitzeko bilerak urtarrilean hasiko dituztela ere esan du Udalak.

Alde Zaharreko bizilagunekin eta merkatariekin egingo dituzte bilera horiek. Dena den, eta sistemaren xehetasunak urtarriletik aurrerako bileretan ezarriko dituzten arren, "azpiegiturak egokitzen" hasi dela eta pibote berriak jartzeko lanak "dagoeneko abian" direla jakinarazi du Udalak. Horrela, plazan piboteak jartzeko obrak hasi dituzte jada.