Kontxu Odriozola: "'Goenkale'-n ezagututako jende askok deitzen dit zer moduz nagoen galdetzeko"

Uztarria.eus 2015ko abe. 23a, 13:39
Kontxu Odriozola. (EITB)

Hilaren 28an, astelehena, emango dute Goenkaleren azken atala, ETB 1en. 21 urteotan hainbat aktore azpeitiar aritu da telesail horretan lanean; tartean, Kontxu Odriozola (Azpeitia, 1945). Maria Luisa Galardiren papera egin zuen 11 urtez eta Uztarria.eus-ek berarekin hitz egin du.

Telesail honen inguruan hitz egitean nostalgia sartzen al zaizu?

Oroitzapen politak ditut eta ez dut penarekin gogoratu nahi. Aurreko batean esan zidaten astelehen hartan ikusi nindutela telebistan. Izan ere, Goenkaleren amaieran garai bateko atalak jartzen dituzte eta barregura ematen dit. Nik ez ditut ikusten, baina jende askok bai oraindik ere. Ez nukeen inondik inora hainbeste denbora iraungo zuenik pentsatuko. Lehenengo gidoia jaso nuenean iraila zen, eta Goenkalek Gabonak arte ere ez zuela iraungo esan nuen.

21 urte ez da marka makala telesail batentzat. Zuk ere urte ugari egin zenituen bertan lanean.

11 urte eman nituen Goenkalen. Bi atsedenaldi egin nituen tartean (denoi ematen zizkiguten). Kapitulu asko izan dira. Hasieran, eguneko atal bat egitea nahi izaten zuten eta halaxe hasi ginen. Kapitulu bakoitza gure herrian gertatzen ziren gauzez osatzen hasi ginen. Ondoren, produkzioa sartu zen, eta ezinezkoa bihurtu zen egunean eguneko atalak botatzea. Aktoreez gain, langile gehiago zegoen, tartean, gidoilariak. Horientzat egun batetik bestera istorio bat asmatzea ez zen erraza. 'Telebista txurreria handi bat bezalakoa da; txurroei botatzen diozun olio eta irin kalitatearen araberako txurroak aterako zaizkizu. Batzuetan onak eta besteetan txarrak', zioen nire lagun batek. Lan oso gogorra da. Telebistan ikusten diren segundoak politak dira, baina hor atzean langile asko daude, eta bakoitzak duen lana ez da erraza. 

Zer izan da Goenkale zuretzat?

Errekonozimentu handia izan da niretzat, aktore bezala. Lanegunak nahiz asteburuak ere aktoregintzarako ziren. Izan ere, ez nintzen gai platora nire testua ikasi gabe joateko. Ondo ikasiz gero, momentu baten gidoia ahaztuta ere, inprobisatzeko hobeto zaude. 'La mejor improvisacion es la preparacion', dio esaera batek. Eta hala da, errezago da hori. Hainbat sari irabazi ditut nire lanagatik, baita aktoreen batasunetik ere, eta hori aktore batentzat plazerra da. Ez daukat gehiago eskatzerik.

Nola gogoratzen aduzu Goenkalen parte hartuko zenuela esan zizuten eguna?

Arratsalde batean esan zidaten niretzat Goenkalerako paper bat zutela. Momentu hartan diputazioak antolatutako antzerki baterako kasting bat neukan eta hara joateak ilusioa egiten zidan. Telebistakoei argi esan nien antzerkirako kastingera aurkeztuko nintzela eta han hartzen ez baninduten, Goenkalen hasiko nintzela buru-belarri. Antzerkiko kastingetik ezezkoa jaso nuen, ni baino emakume zaharrago baten bila zebiltzalako. Beraz, Goenkaleko gidoiak jaso eta martxan hasi nintzen. Dena den, momentu hartan nahiago nuen antzerkian parte hartzea; izan ere, telesail batetik irten berri nengoen. Disgustua hartu nuen, egia esan.

Kontxuren eta Maria Luisaren artean ezberdintasun asko al daude?

Nire ahotsa nahastezina dela esaten didate, eta pertsonalitate handiko pertsonarena egiteko balio dudala. Oso elegante jartzen ninduten nire lepoko nahiz bitxiekin eta hori fikziozkoa da. Kontxu ez da kalean horrela ibili inoiz; ile-apaindegitik irten berriko orrazkerarekin eta arropa horiekin.

Askok, Goenkalen Maria Luisa hil zen garaitik telesaila "txartu" egin dela diote. Hala dela uste al duzu?

Askotan entzun dut hori. Gu geunden garaian Goenkale herrikoia zen, hurbilekoa. Familiarra zen eta etxe guztietan zegoen hango amonaren, izebaren edo semearen antza zuen norbait. Gazteen gaur eguneko arazoak azaleratzera pasatu ziren gero. Besteak beste, drogak nahiz ohe azpiko gauzak bezalako kontuak hasi ziren sartzen. Goenkale zeinentzat egiten da?, izan da betidanik nire galdera. Helduentzat ere izango da, bada? 'Niri zer axola zait, bada, nor norekin oheratzen den? Nik lehengo kontatzen ziren kontuak nahi ditut, esaten zidan amak.

Beraz, Goenkalek amaierara heldu beharra zuela uste al duzu?

Bazuela garaia uste dut. Telesail batean 60 argumentu posible bakarrik daudela entzun nuen aurreko batean. Goenkaleren kasuan, beti argumentu berak erabiltzen dira, aurpegi desberdinetan jarrita.

Aktoreekin zenuen harremana mantentzen jarraitzen al duzu?

Bai, noski. Ia egunero deitzen dit norbaitek. Inoiz ez nuen pentsatuko horrenbeste maite nindutenik. Negargura eta dena ematen dit. Goenkalen ezagututako jende askok deitzen dit zer moduz nagoen galdetzeko. Nire neskamearena egiten zuenak, Yannic Vergarak, adoratu egiten nau eta baita bere semearena egiten zuenak ere.

Jarraitzen al duzu Goenkale ikusten?

Ez, berandu ematen dute eta. Azken atala laister botako dutela ari naiz behin eta berriz ikusten telebistan, eta hori behintzat nahi dut ikustea.

Azpeitiar ugari igaro da Goenkaletik.

Lasaitu ederra hartzen nuen azpeitiarrak ikusten nituenean. Euxebiorekin (Pedro Otaegi), Kaxkurriorekin (Iñaki Bergara 'Pio') eta momentuan tokatzen zitzaizkidanekin ederki pasatzen nuen. Gure taldea osatu eta Azpeiti-Azkoiti inguruko gauzetaz jarduten genuen. Zomorro arraroak bezela begiratzen ziguten.

Maria Luisa zintzoa nahiz gaiztoa izan da Goenkalen. Zein izan da zure sasoirik gustokoena?

Biak izan ziren politak, baina tuntunarena egitea, serio jartzea, gehiago gustatzen zait. Zintzoa izateak ez dauka azpijokorik. Pertsonai onarena eginda jendearengatik esker gehiago entzuten dituzu, baina gaiztoa izatea aberatsagoa da niretzat, joko gehiago dauka. Jendeak 'ene, ze andre gaizto da, jasanezina da', bezalako komentarioak egiten zituen nigatik. Nire terapia ez zen tortillak jaten zituen Don Luis apaizarekin hitz egitea. Hor nire ahultasunak ikusten zituen jendeak eta ulertzen zuten kontraesana. Emakume asko nituen alde. Gizonari egiten nizkion errietak eta gaizkiesanak ikusita, kalean emakume askok 'ez barkatu batere, e!'. esaten zidaten. Hala ere, aktore bezala pertsonai desberdinarena egitea aberasgarria da. Azkenerako beti gaiztoarena egiteko deitzen zidaten eta haserretu egiten nintzen. Urte Berri On Amona pelikulan, adibidez, emakume 'normalarena' egin nuen eta asko gustatu zitzaidan. Zoragarria da gidoi desberdinak egiteko aukera edukitzea. 

Anekdotarik?

Emakume batek esan zidan bere etxekoek eta familiakoek Goenkale ikusteari utzi behar ziotela esan zidan. Harritu egin nintzen, eta zergatia galdetu nionean, 'herentziaren inguruko kontuez hitz egiten duzue eta geu hasarratzeko bildurra ematen digu'. Haiek Goenkale ikusten ez jarraitzea erabaki zuten, eta zer pentsatua eman zidan.

Lanean jarraitzeko asmorik ba al duzu?

Sendatuko banintz, paper txiki batzuk egingo nituzke. Aktore bat ez dela behin ere atzeratzen uste dut. Enbidia ematen didate antzezleek. Azpeitiko Antzerki Topaketen garaian ere gogoratu nintzen, eta anaiari galdetu nion haiengatik. Dena den, hemengoek bertan lan egitea zaila dela uste dut.