Olentzerori harrera egiteko prest dira ikastetxeetan

Uztarria.eus 2015ko abe. 17a, 18:33

Bihar, ostirala, goizez izango dute ikazkinaren bisita Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean, eta arratsaldez Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.

Bihar, abenduak 18, Gabon aurreko azken eskola eguna izango dute herriko ikastetxeetan eta, urtero bezala, festa giroan emango dute egun hori. Batetik, Olentzerori harrera egingo diote eta, bestetik, asteleheneko Santo Tomas eguneko festa gogoan txistorra jatea nahi duenari ere ez zaio aukerarik faltako.

Goizez izango dute Olentzeroren bisita Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean, eta arratsaldez Azpeitiko Ikasberri Ikastolan. Hauek dira ikastetxe bakoitzean prestatu dituztenak:

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai

09:30ean hasiko dituzte ospakizunak. Olentzero Euskal Herria kaleko eraikinera joango da aurrena. Han mokadutxoa egin ondoren, Perdillegikora joango da kafea hartzera, ikasleen eskutitzak jasotzen dituen bitartean. Batean zein bestean, musikarekin, kantuan eta dantzan hartuko dute. Olentzero agurtu ondoren, berriz, gurasoek prestatutako txistor mokaduak dastatzeko aukera izango da.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri

Goizean hamaiketakoa txorizoa janez egin ondoren, arratsaldean egingo diote harrera Olentzerori. 15:00etan joango dira haren bila Olatzera. Ikastola atarian, LH4-koen aurreskuarekin egingo diote ongietorria eta, ondoren, liburutegian elkartutako ikasleei bisita egingo die Olentzerok. 16:15ean hasita, berriz, Gabon kantak abestuko dizkiote aretoan. 17:15ean, txokolate janarekin bukatuko dute festa. Eta Olentzerorekin argazkiak ateratzeko aukera ere izango dute hala nahi dutenek, aretoan, 17:15etik 17:30era.

Iraurgi Ikastetxea

Haurreskolako eta Haur Hekuntzako ikasleak bisitatuko ditu Olentzerok. 09:30ean hasita, gelaz gela ibiliko da. Horrez gain, goizean azoka izango dute Haur Hezkuntzan, barazkiekin eta animaliekin, eta dantza egingo dute haurrek postuaren inguruan. Txorizoarekin egingo dute hamaiketakoa, eta arratsaldean Betharramen jarritako jaiotzak ikustera joango dira Haur Hezkuntzakoak. Lehen Hezkuntzan Olentzeroren istorioa landuko dute bihar eta, DBHkoek eta Batxilergoek bezala, txorizo-jana izango dute goiz partean.