Gazte sorkuntza, lekorera

Urola Kostako Hitza 2015ko abe. 16a, 13:19
Gurrutxaga eta Beitia, Itu bandako kideak. (Eneritz Albizu Lizaso)

'Lekore' gazteen aldizkari literarioa sortu dute Euskal Herriko zortzi gaztek. Haietatik bat azpeitiarra da: Jon Gurrutxaga (Azpeitia, 1996). Durangoko azokan saldu dute zero zenbakia, "ilusioz". Urtean hirutan argitaratuko dute aldizkaria.

Lekorean sentitzen ziren Itu bandako kideak, eta halaxe jarri zioten izena beraien literatur aldizkariari. Lekorean, kanpoan. Interes puntuen lekorean, hedabideetatik eta gazteen ohiko kezketatik urrun. Koherentziaz jantzita, Durangoko azokako lekorean jarri ziren euskal gazteak, literatur aldizkari hura aurkezten eta saltzen, eta lortu dute beraien hitzak eta sentimenduak atarira, lekorera, ateratzea.

Euskal Herriko zortzi gazteren proiektua da Lekore: "Gazteon literatura argitaratzeko, gazteon aldizkaria". Halere, irekita dago argitalpena, parte hartu nahi duen ororentzat. Durangoko azokan ikusi zuen argia zero zenbakiak, baina lana hasi besterik ez da egin.

Itu bandaren eskutik iritsi da literatur aldizkaria, eta eskualdeko hiru gaztek parte hartzen dute bertan: Paul Beitia eta Peru Iparragirre zarauztarrek eta Jon Gurrutxaga azpeitiarrak. 2013ko udan jarri zuten Beitia eta Iparragirrek lehen hondar alea: "Gure testuak argitaratzeko zerbait behar genuela ikusi genuen, eta beste lagun batekin atera genuen lehen fanzinea", azaldu du Beitiak. Gurrutxagak bat egin zuen Itu bandarekin bigarren fanzinea egiterako, eta familia hazten joan zen. Lau zenbaki atera zituzten, bi urtean.

Ituskizunak bilduta

Pauso bat gehiago eman, eta Ituskizuna eskaini zuen Itu bandak Eako Poesia Egunetan, igaro berri den udan. "Horrek balio izan zigun talde bezala indartzeko, izaera hori egosteko", azaldu du Gurrutxagak. Erabakigarria izan zen, beraz, jaialdia, "proiektu sendo bati" eusteko asmoa ote zuten erabakitzerakoan. Itu bandako zortzi lagunek parte hartu dute Lekoren, eta sei kolaboratzailek lagundu diete.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.