Bi azpeitiarrek hartu dute parte gaur Soreasun emango duten 'Euskal Harriaren ABDak' film kolektiboan

Uztarria.eus 2015ko abe. 16a, 11:07
IƱigo Ramos eta Xabier Otamendi 'Euskal Harriaren ABDak' kartelarekin

Gaur, asteazkena, Euskal Harriko ABDak film kolektiboa izango da ikusgai Soreasu antzokian, 21:00etan hasita. 26 film laburrez osaturiko film bat da eta, labur horietako bitan, azpeitiar banak hartu dute parte. Narzisio filmeko gidoia egin du Xabier Otamendik (Azpeitia, 1988) eta Iñigo Ramos (Azpeitia, 1983), berriz, Deabrua debalde pelikulako scripta nahiz aktorea izan da. Uztarria.eus eurekin egon da eta laburrak herrian erakusteak "bertigo pixkat" ematen dieten arren, "gogoz" daudela azaldu dute.

Nola sortu zitzaizuen proiektu honetan parte hartzeko aukera?

Xabier Otamendi: Gasteizko Mendizabal institutuan ikasi nuen eta handik heldu zitzaidan proiektuan parte hartzeko gonbidapena. Bertan, talde bakoitzari hizki bat eman eta, horren harira, film labur bat egin behar genuela azaldu ziguten. Sei lagun animatu ginen eta N hizkia egokitu zitzaigunez, Narzisio izeneko laburra sortu genuen. Honakoa antolatzaileek eman ziguten. Nahiago genuen S, 'Sakamantekas' izena nahi baikenion jarri.

Iñigo Ramos: Urretxu-Zumarragako KKinZona irratian egiten dut lan eta proiektu honetarako gonbidapen gutun bat heldu zen hara, "harrizain bila gabiltza" zioena. Irratiko eta gaztetxeko kide batzuk hasita zeuden jada proiektuarekin eta taldean sartu nintzen. Hamar bat lagun izan gara guztira, eta D letrarekin lan egitea tokatu zaigu.

Inoiz parte hartu al zenuten zinemarekin loturiko proiekturen batean?

X.O: Ikasketetan zehar jardun dugu bideoak egiten eta labur batzuk ere egin ditut lagun batzuekin, baina horrelako "lehiaketa" batean parte hartzea berria izan da niretzat.

I.R: Film laburren rally batean hartu nuen behin parte. Euskal Harriaren ABDak-en antolatzaileek antolatu zuten hura ere. Egun bat jarri zuten eta hitz bat eman ziguten. Horren inguruan egunean zehar lau minutuko labur bat egin behar izan genuen. Hala ere, azken proiektu honekin alderatuta oso ezberdina izan zen.

Film laburren laburpen bana egiterik bai?

X.O: Narzisio sakamantekasen birbiloba batek bulego bat dauka eta desastre bat da. Noizbehinka, jende aberetsa joaten zaio euren animalientzako produktuaren bila. Gaur egungo sakamantekas baten istorioa kontatzen da.

I.R: Deabru debalde-ren hasieran mahai inguruan amona bat eta bi biloba daude. Bilobak barrabeskeriak egiten ari dira eta bat-batean amonak 'deabru debalde!' esaten du. Biloba batek esaera horren esanahia galdetzen dio. Maldizio horren inguruan jendeak ondorio batzuk jasoko ditu.

Zein izan da zuen rola bertan?

X.O: Film laburraren gidoilaria izan naiz. Hala ere, denok rol denetan hartu dugu parte; denok egin dugu dena.

I.R: Hasieran, ardurak banatzeari garrantzia eman genion. Ni aktorea eta scripta izan naiz.

Nolakoa izan da ideia sortzetik emaitza lortu arteko bidea?

X.O: Taldean bakoitzak bere sinopsia aurkeztu zuen. Taldekide baten gidoiarekin hasi ginen, baina kanpora joan behar zuen eta gidoia ez zigun bidaltzen. Sakamantekas ideiari heldu genion, orduan. Emaitza ez zen hasieran pentsatzen genuena izan, baina gustora gelditu gara. Hala ere, pare bat gako ez direla ulertuko iruditzen zait.

I.R: Gidoi ezberdinak aurkeztu ziren hasieran eta bozketa bidez aukeratu genuen bat. Behin gidoia aukeratuta, bakoitzak horren inguruko ideia zeukan buruan eta askotan gelditu beharra izan dugu iritzia eman eta ideiak argitzeko. Uste baino ibilbide luzeagoa izan da. Eszena gehiago nahi genituen sartu, baina ezin izan dugu, denboragatik. Gustora gelditu gara, baina 26 film labur aurkeztuta, besteekin alderatzen dut gurea.

Beldurrezko, zientzia fikziozko eta fantasiazko laburrek osatzen dute filma, baina umoreak ere badu tartea labur batzuetan.

X.O: Beldurrezkoa da gure film laburra. Bukaeran umore edo ironia puntu bat badauka. Ez dakit, ordea, jendeak barre egingo duen.

I.R: Gurea ere beldurrezkoa da. Hori lortzeko, grabaketa egunetan guk beldurra pasatzea garrantzitsua izan da besteei ere hala emateko. Dena den, zaila da beldurrezko film bat egitea. Eszenak gauez grabatu ditugu eta ahalegin handia egin dugu. Gure film laburrak ez du umore ukiturik.

Hilabete da Euskal Harriaren ABDak estreinatu zela.

X.O: Euskal Harriaren ABDak-en inguruko iritzia entzun dugu, baina gure laburrarera ez. Ramosekin eta beste batzuekin jardun dugu elkarrenak komentatzen, baina horrez gain, ez dut gure laburraren inguruko ezer entzun. Anaiari erakutsi nion eta ez zuela ulertu esan zidan.

I.R: Twitterren eta Facebooken filmaren inguruko iruzkin onak irakurri ditut. Gure film laburraren inguruan, aldiz, ez didate asko hitz egin. Baina filmeko partaide batzuekin elkarren filmak komentatzen jardun dugu.

Zer da zuentzat laburrok herrian ematea?

X.O: Nahi dut erakustea. 26 labur izanda, ordea, jendeari Soreasura joateak atzerakada emango dion beldurra daukat.

I.R: Soreasu bezalako antzoki handi batean botatzeak bertigo pixka bat ematen dit, egia esan. Otamendi eta biok saiatu gara jendeari emanaldia izango dela jakinarazten eta ea jendea gerturatzen den. Herritar gutxi badira ere, etortzen direnak gustura irtetzea nahi dugu.

Etorkizunerako proiekturik ba al duzue buruan?

I.R: Zineaz 'zero' dakit. Inguruko lagunek komentatu didatelako hartu dut parte proiektuan. Momentuz ez dut zineari lotutako beste proiekturen batean parte hartzeko asmorik.

X.O: Denok juntatzea ez da erraza, eta talde honekin aurrera jarraitzea ez dut erraza ikusten. Azpeitian ikus-entzunezkoen ikasketak dituen jende asko dago eta potentziala dagoela uste dut. Herrian film laburren lehiaketa bat antolatu beharko litzatekeela uste dut. Film laburrak egitea gustatzen zait eta gustura egingo nuke beste bat.