Dagoeneko eros daiteke 2016rako Kultur Bonoa

Uztarria.eus 2015ko abe. 15a, 14:06
Sanagustineko eta Udaleko ordezkariak Kultur Bonoaren aurkezpen ekitaldian.

Laugarren urtez segidan, salgai da 2016rako Kultur Bonoa. Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea, Azpeitiko kontsumoa bultzatzea eta herritarrek abantaila ekonomikoak izatea dira bonoaren helburuak. Urte osorako bonoa izango da, eta 60 euro balio du (jubilatuek, langabetuek, Gazte txartela dutenek %50eko deskontua izango dute). Sanagustin kulturgunean eskura daiteke.

Laugarren urtez jarraian, Kultur Bonoa jarriko du herritarren eskura Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkarteak, Udalaren laguntzarekin. Dagoeneko salgai da datorren urterako bonoa, eta iazko ezaugarri berak izango ditu txartelak, eta 60 euroren trukean eskuratu daiteke Sanagustin kulturgunean. Dena den, langabetuek, jubilatuek nahiz Gazte txartela dutenek %50eko deskontua izango dute, beraz, 30 euroren trukean erosi ahal izango dute. Ohi bezala, salgai jarriko den bono kopurua mugatua izango da.

Xabier Aranbarri Sanagustin kooperatibako kudeatzaileak azaldu duenez, "kultur eskaintzari jarraipena emateko asmotan ari gara lanean elkartean. Ikuskizunetan aniztasunari eutsiz jarraituko dugu guztion gustuko gauzak ekartzen saiatuz, aniztasuna eta orekak kontuan izanda, orain artean bezala". 

Kultur Bonoa Udalaren laguntzarekin kaleratzen du Sanagustinek eta Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak esan duenez, "kulturari balioa kendu gabe, erraztasunak eman behar zaizkie herritarrei, aberastasun kulturalaz goza dezaten. Balioa eman behar zaio Azpeitiko kultur sormenari eta eskaintzari. Izan ere, horiek gauzak egiteko beste modu batetik sortu dira, eta lortu den guztia horren emaitza da". Horri lotuta, Labakak esan du kultur eskaintza integratzailean parte hartzeko aukerak eskaini behar zaizkiela herritarrei, eta "kulturak Azpeitiko ekonomian eragin positiboa izan duela" azpimarratu du.

Hemen bonoaren inguruko zenbait argibide eta datu:

Bonoaren helburuak

- Kultur ekitaldien kontsumoa sustatzea eta handitzea.

- Azpeiti mailako kontsumoa bultzatzea, jendea herrian gera dadin edo hona etor dadin.

- Herritarrek bonoaren bidez abantaila ekonomikoak izatea.

Bonoaren ezaugarriak

- Urteko bonoa izango da, alegia, 2016koa.

- Transferiblea da. Ez du izenak pisurik, jabeak garrantzirik, zenbakiak baizik. Txartelak numeratuak dira eta hori da kontrolatzen dena, txartel zenbaki horren erabilera kopurua.

- Urteko prezioa 60 eurokoa da (iazko bonoaren berezko balioa 175 bat eurokoa izan zen).

- Langabetuek, jubilatuek, Gazte txartel jabeek eta ikasle txartel jabeek %50ko deskontua izango dute. Beraz, 30 eurotan eskuratu ahal izango dute.

- Ekitaldien kontsumoa agortuz gero beste bat eros daiteke. Aurretik ez. Norbanako bakoitzak txartel bat izango du, gehienez.

- Salduko den txartel kopurua mugatua izango da, eta Sanagustin kulturgunean salduko dira.

- Txartela dutenentzat sarrerak erreserbatu egingo dira zutikako ekitaldietan. Sarreran bonoa erakutsita, orduan jasoko da sarrera. Baina bestelakoetan ez da erreserbarik egingo eta lehenago eskuratu beharko dira sarrerak; hori bai, deskontuarekin.

Eskaintza

Hauexek dira kultur bonoarekin lor daitezkeen abantailak:

- 8 kontzertu doan. Nahi diren kontzertuak.

- Antzerki edo dantzako 4 ikuskizun %50eko deskontuarekin.

- Jaialdi eta Topaketak (Antzerki Topaketak eta sor daitezkeenak) %50eko deskontuarekin.

- Umeentzako ikuskizunak doan (ume bat + heldu bat).

2016an zer?

Aitor Bengoetxea Sanagustineko programatzaileak 2016rako prestatutako programazioari dagokionez esan du "eskaintza oso potentearekin" emango diotela hasiera eta "eskaintza anitza" izango dela aurreratu du. Besteak beste, umeentzako emanaldiak, kontzertuak eta arte eszeniko desberdinen emanaldiak izango dira datorren urtean ere. 

Bengoetxeak kulturguneko eta Soreasu antzokiko emanaldien inguruko zenbait datu eman ditu. Hark adierazi duenez, urtean 100-110 ekitaldi antolatzen ditu Sanagustin kooperatibak: 25 rock kontzertu, beste horrenbeste musika kontzertu, arte eszenikoetan 15 bat antzerki eta 10 bat dantza emanaldi... Eta horietatik 45 bat izaten dira sarreradunak. "Gure filosofiari jarraituz egiten dugu hau guztia, besteak beste, euskara zainduz eta herriko nahiz bailarako talde-eragileekin lanean arituz. Ekitaldien %90a euskaraz izaten dira eta %60 herriko-bailarako talde/elkarteek egin dituzte", gaineratu du Bengoetxeak.