The Friday's Crew: "Bertako jai bat izango da, herriko musikariekin eta zaleekin"

Urola Kostako Hitza 2015ko abe. 11a, 12:03
The Friday's Crew taldeko kideak. (The Friday's Crew)

Hemen Gara lan berria aurkeztuko du bihar, zapatua, Azkoitia eta Azpeitia artean sortutako The Friday’s Crew taldeak. Abian dira, eta herritik hasita, Andoain, Larrabetzu, Iruñea eta Beasainen joko dute datozen hilabeteetan. Saioa 23:00etan hasiko da. Herriko beste bi talderekin ariko da, Verräterrekin eta Eztenekin, eta diskoa oparituko diete entzuleei.

Hirugarren diskoa da hau. Zer berritasunekin zatozte?

Harri Etxeberria: Orain arteko diskoak Azpeitian grabatu ditugu, Landetako Lobo estudioetan. Oraingo honetan, Mutrikuko AME estudioan aritu gara.

Jon Custodio: Abestiak gehiago landu ditugu, eta emaitza ere hobea dela esan genezake.

Diskoetxe batekin lan egin izanak zer abantaila eman dizkizue?

H.E.: Grabaketa gure kontura egin dugu. Ondorengo lanetan lagundu digu Mauka diskoetxeak. Zigilua jartzen dute haiek, eta kontzertuak lortzen laguntzen digute. Banaketan ere nabaritu dugu aldea.

J.C.: Diskoaren zati bat grabatu genuen, eta abesti horiek pasatu genizkien hainbat diskoetxeri. Ondoren, erantzuna jaso ostean, beste sei bat kanta egin genituen diskoa osatzeko.

Lehen aldiz izan zarete Durangoko Azokan.

J.C.: Bai, gure diskoak Maukaren postuan egon dira. Gustura gaude 200 diskotik gora saldu ditugulako.

Iosu Garate: Aukera ona da, Euskal Herriko musikagintzaren mapan jartzen zaituelako. Gure musika jo dugu, eta beste taldeetako kideak ezagutu ditugu.

J.C.: Berria eta berezia izan da han jotzea. Oso urduri egon ginen kontzertu aurretik.

Elkarrizketa osorik, hemen.