Xabier Lasa: "Podiumera igo ez izanaren pena gelditu zait"

Uztarria.eus 2015ko abe. 11a, 12:08
Xabier Lasa Donostiako maratoian. (Xabier Lasa)

Xabier Lasa (Azpeitia, 1973) Gipuzkoako txapeldun izan da aurtengo Donostiako Maratoian. Federatuta ez dagoenez, ez zuen egunean bertan Gipuzkoako txapeldunari dagokion saria jaso; maratoiko antolakuntzara mezu bat bidali eta aste honetan lortu du saria jasotzea.

Ibilbide luzea ari zara edukitzen korrikan.

25 urterekin hasi nintzen nire eguneroko errutinan korrika eta bizikleta sartzen. Konfiantza pixka bat hartzen hasi eta, pixkanaka-pixkanaka, bizikletarekin Sabiñanigo bezalako probak eta korrikan Behobia bezalakoak egiten hasi nintzen. Geroago, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia eta herriko San Silbestre lasterketa bezalakoak egiten hasi nintzen. Ordutik, urtebete egon nintzen lesio baten ondorioz geldirik, baina pazientzia nahiz indar askorekin aurre egin eta lehengo martxari heldu nion.

Korrika taldean edo bakarrik egitea duzu nahiago?

Korrika bakarrik egitea gustatzen zait. Neure martxan joatea gustatzen zait, neure erritmoan. Taldean korrika egitera animatzen naiz erritmo lasai batean joateko asmoa badago baina, orokorrean, nahiago dut bakarrik joanda.

Donostiako Maratoian emaitza onak lortu dituzu.

Laugarren aldia zen egiten nuela eta bi ordu eta erditik jaistea nahi nuen. Xabat Manzisidorrekin hitz egin eta erritmo on bat hartuz denbora horretatik jaisten ahalegintzea erabaki genuen. Eguraldi onak asko lagundu zigun eta plana ongi atera zitzaigun. Manzisidorrek duela gutxi Frankfurteko maratoia egin zuen, giharrak nekatuta zeuzkan eta 27. kilometrora arte lagundu zidan. Hortik aurrera bakarrik osatu nuen maratoia eta bi ordu eta erditik jaistea lortu nuen, 2:28:34 denborarekin.

Gipuzkoako Txapelketa irabazi zenuen baina, federatuta ez zeundenez, Gipuzkoako txapeldunari dagokion saria ez zenuen jaso.

Lasterketa amaieran, federatua ez nengoenez saria ez nuela jasoko esan zidaten. Etxera joan eta txapelketaren inguruan informatzen hasi nintzen. Gipuzkoako Txapelketa zela irakurri nuen eta ez Federatuen Gipuzkoako Txapelketa. Lagun batzuek maratoiko presidenteari mezu elektroniko bat bidali zioten horren inguruko informazioa eskatuz. Egun batzuetara saria jasoko nuela esaten zuen mezu batekin erantzun zien. Aste honetan jaso dut eta gustura nago. Hala ere, podiumera igo ez izanaren pena gelditu zait.

2013an Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian Ganipuzkoako txapeldun izan zinen. 2012koan, berriz, hirugarren gelditu zinen txapelketan. Zer da zuretzat herrian postu horietan gelditzea?

Azkoitia-Azpeitian oso gustura irteten naiz. Korrikarekiko afizio handia dago herrian eta jendeak asko animatzen ditu lasterkariak. Diego Garcia horrela gogoratzeak merezi duela iruditzen zait. Bere omenez korrika egitea plazer bat da niretzat. Izan ere, korrika uztera zihoan urteetan noizbehinka kointziditu genuen.

Euskal Herrikoa ez den maratoi batean parte hartzea gustatuko al litzaizuke?

Maratoiak Donostian bakarrik egin ditut, inoiz ez naiz hemendik kanpora irten. Beti eduki dut kanpora joateko ilusioa baina oso urduri jarriko nintzatekeela iruditzen zait. Egunen baten probatzea ez dut baztertzen. New Yorkeko Maratoira joatea gustatuko litzaidake baina oso zaila da bertan onartzea.

Zein da zure lasterketa gustukoena?

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia dut gustukoena, jendeak asko animatzen gaitu azpeitiarrok eta hazi egiten naiz. Indar eta motibazio handia ematen dute. Erdikaletik pasatzea ikaragarria da. Azkeneko kilometroak izaten dira eta denbora azkarrago joaten da.

Nola ateratzen duzu errutinatik korrikarentzat denbora?

Enpresa batean ari naiz lanean. Erreleboan ari naizenez, denbora asko daukat libre eta siestarako nahiz korrikarako bezalako gustuko gauzetarako beti ateratzen dut denbora.

Zein helburu dituzu orain?

Urte amaieran San Silbestre lasterketa egingo dut ziurrenik eta, gero, antolatzen badute, herrian egiten den Xoxoteko bertikala egitea nahiko nuke. Bestela, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia.