Azpeitia Creative Commons Film Jaialdia, bihartik zapatura

Uztarria.eus 2015ko abe. 9a, 18:11
Jaialdiaren antolatzaileak, aurkezpenean.

Paradisu Zinema zineklubak antolatu du, Udaleko Gazteria sailarekin, Gaztetxearekin eta Sanagustin kulturgunearekin elkarlanean. Ostegunetik zapatura, hiru film luze, laburmetraiak -Zulo proiektuaren aurkezpena barne-, eta Creative Commons lizentzien gaineko jardunaldia eta erakusketa izango dira, besteak beste. Ekitaldi guztietan sarrera borondatearen truk izango da.

Sormena eta ezagutza doan, baina egileek erabakitako egiletza eskubideen eta lizentzien arabera partekatzea eta zabaltzea. Hori litzateke, labur azalduta, Creative Commons irabazi asmorik gabeko erakundeak bideratzen dituen baimen eta lizentzien funtsa.

Horrelako lizentziadun edukien bueltan antolatu du Paradisu Zinema zineklubak Azpeitia Creative Commons Film Jaialdia. Bihar, osteguna, hasi eta zapatura arte hiru film luze, laburmetraiak, gaztetxoei zuzendutako Creative Commons lizentzien gaineko jardunaldia eta erakusketa izango dira, besteak beste, jaialdiaren barruan. Soreasu antzokian, Gaztetxean eta Sanagustinen izango dira zineklubak Udaleko Gazteria sailarekin, Gaztetxearekin eta Sanagustin kulturgunearekin elkarlanean antolatu duen jaialdiaren hitzorduak. Ekitaldi guztietan sarrera borondatearen truk izango da.

Jaialdiaren hitzorduen artean ostiralean, Gaztetxean izango den Gau Laburra egitasmoaren barruan, Zulo laburmetraiaren proiektua aurkeztuko dute Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola zuzendariek.

Egitaraua

Abenduak 10, osteguna

  • 17:30. Sormena partekatuz: Gaztelekuko gaztetxoekin solasaldia eta proiekzioa. Soreasu antzokian.
  • 21:30. Yes, we fuck! (Antonio Centeno eta Raul de la Morena). Soreasu antzokian.

Abenduak 11, ostirala

  • 20:00. Jantoki begetarianoa, Hydro film original sound track soinuez girotuta. Gaztetxean.
  • 21:30. Gau Laburra: Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak zuzenduriko Zulo laburmetrai proiektuaren aurkezpena eta film laburren proiekzioa. Gaztetxean.

Abenduak 12, zapatua

  • 18:00. Alpha (Stathis Athanasiou). Soreasu antzokian.
  • 22:00. The internet's own boy (Brian Knapperberger). Soreasu antzokian.

Abenduaren 10etik 14ra, Sanagustin kulturgunean, Creative Zer?! erakusketa.