Kepa Peñagarikano: "Pilotaren alde lan egitea dut helburu, nire zatitxoa jartzea"

Urola Kostako Hitza 2015ko abe. 9a, 13:36

20 urterekin egin zuen debuta Peñagarikanok profesional bezala Azpeitian, eta joan den urtea arte izan da pilotari. Atzelari izatetik, pilotak aukeratzera igaro da orain. Izan ere, hamahiru urte egin ditu Juan Mari Juaristi Atano XIII.ak pilota hautatzaile gisa, eta duela bi aste utzi du kargua. Kepa Peñagarikano (Azpeitia, 1981) pilotari ohiak hartu du orain lekukoa, eta dagoeneko binakako txapelketako ligaxkarako aukeratu ditu lehen pilotak. Gaur ere materiala hautatzera joatekoa da.

Noiz jakin zenuen Atano XIII.a ordezkatuko zenuela?

Duela bi aste deitu zidaten eskaintza egiteko. Aspe eta Asegarceren artean aukeratzen dute material hautatzailea, eta pertsona aproposa nintzela esan zidaten. Egun bat hartu nuen pentsatzeko eta familiarekin hitz egiteko. Beti gustatu izan zait ofizio hori, baina alde onak eta txarrak aztertu nituen baiezkoa eman aurretik. Atano uztekoa zela ere ez nekien, uste dut guztiontzat izan zela sorpresa bat.

Joan den urtean utzi zenion pilotan lehiatzeari. Mundu bera, baina beste leku batetik probatuko duzu.

Bai, ofizio berri bat da. Bi enpresaren artean egongo naiz hemendik aurrera, eta egokituko zait epaile lanak egitea. Badakit lan hau nahiko gatazkatsua izaten dela, eta horregatik saiatuko naiz gauzak ahalik eta ondoen egiten, eta ahal dela, zarata gutxi ateratzen.

Presio handiko lana da, pilotari, zale eta hedabideek epaitzeko joera dutena.

Bai, jakitun naiz. Hori ere kontuan izan dut, eta balantzan jarri dut. Hala ere, ez dut nahi gehiegi pentsatu horretan; izan ere, pilotaren alde lan egitea dut helburu, eta horretarako nire zatitxoa jartzea. Saiatu egingo naiz.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitza-ren webgunean.