Inaziotar guneetako europar bilkuran hartu du parte Udalak Manresan

Uztarria.eus 2015ko abe. 4a, 17:47

2022an, Loiolako Inazio Manresara iritsi zela 500 urte beteko dira eta data horren baitan egin da kudeatzaileen bilkura. 

2022an, Loiolako Inazio Manresara iritsi zela 500 urte beteko direla eta, inaziotar guneetako kudeatzaile europarren lehen bilkura egin dute abenduaren hasieran Manresan (Katalunia). Bertan izan da Azpeitiko Turismo saileko zinegotzi den Agustin Lizarralde, Erromako eta Pariseko Inaziotar guneetako, Manresa Turismo eta bertako turismo bulegoko, Ruta Marianako, Generalitateko Turismo saileko eta Montserrateko ordezkariekin batera.

Elkarlanerako dauden aukerak aztertzeko bilerak egin dituzte. "Sakontasunean landu beharko diren elkarlanerako proposamenak egin dira. Parte-hartzaileek balorazio positiboa egin dute eta oso interesgarritzat jo dute kudeaketen eta esperientzien elkartrukea", adierazi du Udalak.

Horrez gain, bilkuran parte hartu dutenek Manresako inaziotar gune garrantzitsuenak eta 2022ra begira egiten ari diren lanak ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, inauguratzear dagoen Interpretazio Zentroa eta erromesei harrera egingo dien eskultura baten proiektua.