Euskara aukeratu dute bizitzeko

Urola Kostako Hitza 2015ko abe. 3a, 14:09
Chuse Miguel Vicente. (Urola Kostako Hitza)

Euskara ikasteko hautua egin duten herritarrak omentzeko aprobetxatuko dute aurten Euskararen Eguna; hala jakinarazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek. Urola Kostan asko dira euskara ikasteko erabakia hartu dutenak, diglosi egoeraren jakitun direnak eta ikusten dutenak hamaika onura eskaintzen dizkiela tokiko hizkuntzan aritzeak. Chuse Miguel Vicente Zaragozan jaiotako euskalduna da (Zaragoza, Espainia, 1975). Euskal Herrira iritsi zenean ez zekien euskara, baina "lehen unean" erabaki zuten euskaltegian izena ematea.

Dagoeneko euskara du eguneroko hizkuntza, eta Urola Kostako Hitza-k eskatu dio hiztegitik adiera kuttuna aukeratzeko. Epelera jo dute biek. Vicente barru giro adierazpenarekin gelditu da: "Euskal Herrian, gainera, askotan egiten du barru giro, eta asko gustatzen zait". 

2006an iritsi zen Chuse Miguel Vicente Euskal Herrira, Azpeitira. Santa Ageda egun batean etorri zen, maitasunak mugituta. Euskararen egoera ezagutzen zuen Azpeitira iritsi aurretik, "beti" egon delako kontzientziatua hizkuntza gutxietuen egoerarekin: "Unibertsitate garaian jabetu nintzen Aragoiko hizkuntza oso egoera larrian zegoela, eta aragoiera ikasten hasi nintzen", dio Vicentek. Gero, katalana ere ikasi zuen, eta Azpeitira iritsi bezain laster hasi zen euskararekin.

"Hona etorri nintzenean argi nuen ahalik eta ordu gehien sartu nahi nituela ikasten, euskaraz bizitzeko", esan du. Arazoak izan zituen egun osoko ikastaroak aurkitzeko, eta bi ikastaro egin zituen batera: Azpeitiko Udal Euskaltegikoa eta Internet bidezkoa, HABEren Boda programarekin. "Lehen bi urteak izan ziren gogorrenak, egunean lau-bost ordu inguru pasatzen nituen", azaldu du.

Hemen, erreportajea osorik.