Ikasleek hitanoaren bueltan egindako kartelen erakusketa ikusgai da Sanagustinen

Uztarria.eus 2015ko abe. 3a, 13:35

Abenduaren 3tik 10era bitartean AzpeitHika gaztetxoen kartel erakusketa izango da ikusgai Sanagustin kulturgunean. Azpeitian hitanoaren erabilera eta haren arauak nola bizi dituzten landu dute hamar urteko gaztetxoek Azpeitiko ikastetxe guztietan, eta lanaren emaitzetako batzuk erakusgai izango dira astebetez Sanagustinen. Herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako lehenengo mailakoek egindako lanaren emaitza da kartel erakusketa.

Soziolinguistika Klusterraren gidaritzapean eta Azpeitiko Udalak lagunduta, herriko hitanoa jorratzen ari dira herriko ikastetxe guztiak 2011az geroztik; 2011tik 2013ra Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta 2014tik aurrera Lehen Hezkuntzan. Azpeitian hitanoa landu eta sustatzeko beharrari erantzun nahirik ekin zitzaion egitasmo honi. Zehazki, helburu hauek betetzeko: hitanoaren ezagutza arauak ezagutzea zein horien erabilera bultzatzea, gazteen artean hitanoa sustatzea, hitanoari eustea, hitanoaren kalitatea bermatzea eta transmisioaren garrantziaz jabetzea. Bitarte horretan, Soziolinguistika Klusterrak material didaktikoak sortu ditu eta ikastetxeek praktikara eraman dituzte.

Hitanoa lantzeko sortu diren 12 materialetan, Azpeitiko euskararen eta hitanoaren erabilera izan dira abiapuntua. Xapu Azpeitiko kazetari zapoa da edukiak josten dituen pertsonaia nagusia, eta haren bidean topo egiten duten pertsonek zein ahozko eta idatzizko testuek nahiz jarduerek osatzen dute ikasgaia. Materialgintzan saiakera berezi bat egin da helburu lorgarriak proposatzen, eta maila berean, jarduerak izan daitezen herrira egokituak, ikasleen ezagutzetatik gertukoak eta parte hartzea bultzatzen dutenak. 

Josu Labaka Euskara batzordeburuak azaldu duenez, Udalarentzat oso garrantzitsua da gisa honetako egitasmoak sustatzea: "Edozein hizkuntzak, biziko bada, arnasguneak behar ditu, euskara naturaltasunez erabili, transmititu eta biziberritzeko guneak. Azpeitia euskararen arnasgunea da, eta hitanoa da gurean euskara bizia denaren erakusle. Horregatik da garrantzitsua hitanoa bultzatu eta indartzea, belaunaldi berrietan ere bizi mantentzea, arnasgunea bizi mantentzeko eta indartzeko eta biziberritzeko".