Iraurgi Berritzenek 'Herrialde jardunaldia: Maroko-Aljeria' ikastaroa antolatu du

Uztarria.eus 2015ko abe. 1a, 17:30

Muntaia mekanikorako langileak behar dituen Azpeitiko enpresa batek antolatu duen ikastarorako ere izena eman daiteke garapen agentzian.

Iraurgi Berritzenek ikastaroa antolatu du "Herrialde jardunaldia: Maroko-Aljeria" izenburupean. Abenduaren 16an izango da Azkoitiko Intsausti Jauregian, 15:00etatik 17:00etara. Eskualdeko enpresei zuzenduta dago eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osorik diruz lagundutako ikastaroa da. Plaza kopuru mugatua izango du.

Ikastaroaren helburua Marokoko eta Aljeriako merkatuekin lan egiteko jakin beharreko punturik garrantzitsuenak lantzea da. "Maroko eta Aljeria merkatu konplexuak dira. Azken urteetan erakargarriak izan dira hainbat enpresentzat eskulanaren kostuengatik, baina merkatu horiek badituzte ezagutu beharreko beste hainbat elementu, kultura eta erlijioari lotuak", azaldu dute Iraurgi Berritzeneko kideek.

Izena eman nahi duenak, ondorengo fitxa deskargatu beharko du eta iotaegi@iraurgiberritzen.eus edo alarranaga@iraurgiberritzen.eus helbidera beteta bidali. Informazio gehiago nahi duenak, berriz, Iraurgi Berritzenekin jarri beharko du harremanetan, ondorengo telefono zenbakira deituta: 943 85 11 00.

Muntaia mekanikorako lan eskaintza eskualdean

Bestalde, Urola Kostako makina erraminta arloko enpresa batek muntaia mekanikorako langileak behar ditu bere Azpeitiko lantokirako. Horretarako, langabetuei zuzenduriko lan konpromisodun ikastaro bat antolatu du, 350 ordukoa, IMHrekin elkarlanean eta Lanbidek subentzionatuta. Ikastaroa abenduaren 18an hasiko da eta ikasleen %60, gutxienez, kontratatua izango da praktika epealdiaren ondoren.

Honakoak dira ikastaroan izena emateko baldintzak:

  • 26 urte baino gutxiago edukitzea.
  • Erdi mailako fabrikazio mekaniko edo instalazio eta mantenu ikasketak izatea.
  • Lanbiden izena emanda egotea.

Informazio gehiago nahi duenak edo curriculuma bidali nahi duenak, helbide hauetako batera idatzi beharko du edo, bestela, bi telefonoetako batera deitu:

Iraurgi Berritzen: 943 02 60 69 / Helbide elektronikoa: iabarisketa@iraurgiberritzen.eus
IMH. Elgoibar: 943 74 82 70 / Helbide elektronikoa: nora@imh.eus.