'Lagun berriak'

Berria.eus 2015ko aza. 30a, 09:00

Ostegunean aurkeztuko du Imanol Murua Uriak 'Ekarri armak. ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika' liburua. Iaz Renoko Unibertsitatean aurkeztu zuen tesian oinarrituta dago. 2007tik 2011rako gertaeretan jarri du arreta nagusia. Liburuko pasarte bat da hau. (ETAk 2008an Azpeitian Inaxio Uria hil zueneko garaia dakar pasarteak)

Batasunarekiko harremanak lehendik zetozen. 2005-2007 prozesuaren aurreko urteetan, artean alderdiko burua Errazti zenean, Batasunaren eta EAren arteko harremanek onera egin zuten, Nazio Eztabaidaguneko elkarlanaren garaian. Alderdiko presidente izendatu berritan Ziarreta Martuteneko espetxera joan zenean, ordea, beste maila bateko harremanak zituen buruan. 2008ko uda zen Otegik eta Ziarretak elkar ezagutu zutenean, mintzalekuko kristala erdian zutela. Espetxealdiaren azken zatian zegoen Otegi, burua ordurako kanpoan. "Arnaldori esan nion: 'Zer iruditzen zaizu kartzelatik irteten zarenean ahalegin serio bat egiten badugu espazio soberanista bat egituratzeko EAJren ezkerrean? Diskrezio osoz'".

Ziarretaren proposamenaren musika gustatu zitzaion Otegiri, baina ez zion erantzun zehatzik eman. Aste hartan bertan Joseba Permach ere bisitatu zuen Ziarretak, Topasen (Salamanca), harreman pertsonala zuela eta. Kartzela berean zegoenez, Joseba Alvarez ere agertu zen. Elkarlanaren aukerez aritu ziren han ere, zehaztasun handirik gabe. Garai bertsuan Rafa Diezekin ere bilera bat egin zuten Rafa Larreinak eta biek. Ziarreta ohartu zen Diezek eta Otegik "sintonia erabatekoa" zutela.

Iraileko egun batean, aldez aurretik abisatu gabe, EAren egoitza nagusira agertu ziren Otegi eta Jone Goirizelaia, Bilboko Areatzan. Aste gutxi batzuk zeramatzan Otegik kalean. Erantzunarekin zetozen: bai, saia gaitezen. Lehenengo bilerak Gatikan (Bizkaia) egin zituzten; txoko batean, aurrena, eta EAko afiliatu baten etxean, gero. Mungian ere bildu izan ziren, Santi Orue ezker abertzaleko kide eta Otegiren konfiantzako lagun mungiarraren bidez. Bileretako batzuk bi zuzendaritzen artean izan ziren. Alde batean, Otegi eta Arkaitz Rodriguez beti, eta Jone Goirizelaia batzuetan. Beste aldean, Ziarreta beti, eta Rafa Larreina, Eli Saenz de Murieta eta Josu Ruiz, batzuetan. Otegi eta Ziarreta buruz buru ere bildu izan ziren, modu informalagoan.

Bilerak sekretuak ziren. Egoera berria zen EAkoentzat. Ziarreta: "Gu ez geunden klandestinitate maila horretara ohituak. Batzuetan bilerak bertan behera gelditzen ziren, jarraitzen ari zitzaizkigulako. Pelikuletan bezala zen. Noizean behin filtrazio arraroak argitaratzen ziren. Konturatzen zinen telefonoz hitz egin zenuena gero El Mundo-n atera zitekeela". Behin oso albiste bitxia ere plazaratu zuten, Ziarretak gogoratzen duenez: "Argitaratu zuten Patxi Lopezekin bildu nintzela Gatikan, eta EAJrekiko koalizioa hausteko aukeraz aritu ginela".

Abiapuntu gisa, funtsean galdera bana egin zioten elkarri bi ordezkaritzek. Batasunak EAri, ea independentziaren aldeko estrategia batean engaiatzeko benetako borondatea zuten. EAk Batasunari, ea bide politiko hutsekin engaiatzeko benetako borondatea zuten. Ziarretak ondorioztatu zuen Batasuneko buruzagien borondatea benetakoa zela eta, bereziki, aldaketa ezker abertzalearen mugimenduan zatiketarik eragin gabe egitea zutela lehentasun. Agiri zirriborroak trukatzen hasi ziren, elkarlanerako oinarriak hitzartzea helburu.

Carlos Garaikoetxeak 1999an utzi zion alderdiko lehendakari izateari, baina itzala izaten jarraitzen zuen. Ziarreta bera bi edo hiru astean behin Iruñera joan ohi zen, Garaikoetxearekin iritziak trukatzera. Lehendakari ohia ezker abertzalearekin ez zen askorik fio —"kontuz ibiltzeko esaten zigun", dio Ziarretak—, baina babesa eman zien mugimendu haiei. Otegik ere bazeukan lehendakari ohiaren itzalaren berri, eta Ziarretari galdetu ohi zion ea Garaikoetxeak zer iritzi zuen. Azkenean, Otegik eta Garaikoetxeak bilera bat ere egin zuten, Iruñean, EAko zuzendaritzakoek bideratuta.

2008 urtearen bukaera zen, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak hurrengo urteko udaberrian egitekoak ziren. Koalizio baten aukera mahai gainean zegoen. EAk, ordea, adierazia zuen ETA aktibo zegoen bitartean ez zutela koaliziorik egingo. Horretan ari zirela, EAko buruzagiek ETAren une hartako jarreraren berri izan zuten: sei hilabeteko su-etena emateko prest zegoen erakunde armatua, ezkerreko abertzaleen arteko elkarlana errazte aldera. Ziarreta: "Ez zitzaigun iruditzen nahikoa berme. Sei hilabete horiek... oso arriskutsua zen". Pello Urizar artean ez zen alderdiko buru, baina gerora jaso du informazioa: "Daukadan informazioagatik, ez zegoen bermatzerik sei hilabete baino gehiagoko su-etenik. Horrelako apustu batean badakizu sei hilabete ez direla ezer".

Are gutxiago, handik gutxira ETAk Inazio Uria hil zuenean, non eta Azpeitian, EA eta ezker abertzalea (EAE-ANV siglen babesean) elkarrekin gobernatzen ari ziren udalerrian, Iñaki Errazkin ezker abertzaleko kidea alkate zela. Ziarreta: "Shock bat izan zen. Une hartan ulertu genuen ETAk dinamitatu egin zuela gure arteko elkarlana".

—Interpretatu zenuten zuen arteko elkarrizketa saboteatzeko propio aukeratu zuela ETAk Azpeitia?

—Bai. Irakurketa hori egin genuen une hartan. Perspektibarekin hartuta, ez dakit. Ez dut ulertzen.

Rufi Etxeberriaren bertsioan ere, EAk garbi adierazia zuen, negoziazioak hasi zirenetik, koaliziorik ez zela izango ETAren indarkeria gelditu ezean eta geldialdiaren iraunkortasunari buruzko bermerik jaso ezean. Baina zerbaiten esperantza bazuten, nonbait, Uriaren aurkako atentatua baino lehenagoko garaian.

—Zenbateraino zegoen aurreratuta 2009ko hauteskundeetara elkarrekin joateko posibilitatea?

—Aurreratua zegoen, oso. Idatziz.

—Su-eten publikorik gabe ere aurrera egiteko moduan?

—Asko zegoen aurreratuta.

—Baldin eta...

—Hori da. Asko zegoen aurreratuta, baina ETAk egoera berri bat ireki behar zuen. Pentsa: parlamenturako banaketak nola izan zitezkeen, zerrendak nola egin zitezkeen... Horraino ere landua zegoen. Baina hor, gure iritzirako, ETA beste parametro batean zegoen. EAk ekintza horri [Uriaren hilketa] ezin ziola eutsi argi baino argiago zegoen, baina egin egiten da. Gure iritzirako, akats galanta izan zen.

Azpeitiko Udaleko koalizioa hausteaz gain, ezker abertzalearekin zituen elkarrizketak geldiarazi zituen EAk. Pixkanaka, ordea, berriro harremanetan jarri ziren, baina luzera begira. Hauteskunde autonomikoak martxoan ziren, eta ez zegoen astirik egoera bideratzeko. Ziarreta: "Ez dakit atentaturik gabe posible izango zen. Baina atentatuak dena pikutara bota zuen".

Handik gutxira, urtarrilean edo otsailean, ETArekin biltzeko proposamena iritsi zitzaien EAko buruzagiei. Ziarreta eta Larreina joan ziren beste aldera, eta bi etakide gazterekin egin zuten bilera. Uriaren aurkako atentatuari buruz ez zuten zuzenean hitz egin, Ziarretaren arabera: "Elkarrizketak horrelakoetan oso kriptikoak izaten dira. Oso goian, flotatzen, esan gabe esaten. Koiuntura madarikatuak. Bilera izugarri luzeak".

—Zer ondorio atera zenuen bilera hartatik?

—Bilera haren zentzua, gure aldetik, egoera hartan hauteskunde koalizioa egiteko aukerarik ez zegoela jakinaraztea zen. Ahazteko horretaz. Baina, dena den, prest jarraitzen genuela elkarlanerako, baina beraiek urratsak egin behar zituztela, hau bukatu beharra zegoela, bermeak behar genituela hori gertatu egingo zela.

Martxoko hauteskundeen atarian, ezker abertzaleko independente batzuk euren zerrendetan joateko eskaintza egin zien EAk Batasuneko buruzagiei, baina hauek ez zuten onartu. Giro horretan, Batasunak EAren zerrenden aldeko botoa ematea eskatuko ote zuen zabaldu zen zenbait girotan. Otegik, gogoeta egunean argitaratutako iritzi artikuluan, gezurtatu egin zuen: EAri ezker abertzalearen lekua hartzen saiatzea leporatu zion —"ezker abertzalea klonatu nahian ari da EA"—, eta "boto ilegalizatuaren" balioa aldarrikatu zuen, "urrezko botoa" zela esanez. Ziarretari ez zitzaion gustatu, anbiguotasun pixka batek EAri lagundu ziezaiokeela uste baitzuen: "Bizia genuen jokoan. Artikulua irakurri nuen, eta amorrazio handia eman zidan. Esan nion".