Jostailu ez sexisten aukera bultzatzeko kanpaina aurkeztu du Udalak

Uztarria.eus 2015ko aza. 27a, 18:44
Axier Baglietto Hezkidetza egitasmoaren kidea eta Leire Goenaga zinegotzia, kanpainako liburuxkekin. (AZPEITIKO UDALA)

Liburuxka bat banatuko dute datozen egunetan etxez etxe eta, horrekin batera, herriko jostailu dendekin, gurasoekin eta ikasleekin ere landuko dute gaia. Gaztelekuan eta ludoteketan, esaterako, jostailu ez sexisten astea izango dute astelehenetik aurrera.

Gabonak eta haiekin opariak jasotzeko egunak gerturatu ahala, bereziki umeentzako jostailuen iragarkiak eta eskaintzak lau haizetara zabaltzen hasiak dira. Zurrunbilo horretan, eta Hezkidetza Foroan proposatutakoetatik abiatuta, jostailu ez sexisten aukera bultzatzeko kanpaina aurkeztu du Azpeitiko Udalak.

Herriko ikastetxe guztiek eta udaleko zenbait sailek hartzen dute Azpeitiko Hezkidetza egitasmotik sortutako foroan, guztien artean herrian abian jarri daitezkeen proiektu hezkidetzaileak bultzatzeko helburuarekin. Eta, Gabonetara begira jarrita, jostailu ez sexisten gaia jarri nahi izan dute mahai gainean. "Izan ere, guraso asko eta asko hezitzaile rolean sentitzen dira Gabonetako oparien bueltan eta egoeraren aurrean galduta aurkitzen dira. Tresnak behar dituzte, gomendioak eta irizpideak", azaldu dute kanpaina aurkeztu duten Leire Goenaga zinegotziak eta Axier Baglietto Arremanitz kooperatibako eta Hazkidetza egitasmoaren kideak.

Merkatuan oraindik "sailkatutako eskaintza asko" dagoela azpimarratu dute eta, horrela, "oharkabean", genero sistemaren isla eta euskarri bihurtzen direla opariak. "Ikusi besterik ez dago etxeko postontzietara iristen zaizkigun katalogoak nolakoak diren, kolore arroxa alde batean eta kolore urdina beste aldean. Neskentzat panpinak, sukalde txokoa edota makilatzeko tresnak. Mutilentzat kotxeak, baloiak edota eraikitzeko jolasak. Bi koloretako bi mundu".

Udaleko eta Hezkidetza egitasmoko arduradunen ustez, errealitate horren aurrean "guraso askorentzat kezka bilakatu da bere haurrari nolako oparia erosi asmatzea", eta horregatik hartu dute jostailu ez sexisten gaia jorratzeko erabakia.

Kanpainaren osagaiak

Jostailu ez sexisten aldeko hautua bultzatu nahian, hainbat egitasmo prestatu eta garatuko dituzte datozen egunetan. Batetik, Zer da, mutila ala neska? liburuxka jasoko dute azpeitiarrek etxean, jostailuen inguruko hausnarketa eta hainbat gomendio eta irizpide jasotzen dituena.

Herriko jostailu dendekin, gurasoekin eta ikasleekin ere landuko dute gaia. "Herriko jostailu dendekin lanketa berezia egin nahi dugu -azaldu dute arduradunek-, beraien iritzia entzun eta herritarren eskura jarri daitezkeen bitartekoak eskaintzeko". Gurasoei zuzenduta, berriz, jostailu ez sexisten gaineko tailerra egingo dute abenduaren 3an, 15:15ean hasita, Sindikatu Zaharrean. Ikasleekin, azkenik, Hezkidetza egitasmoaren baitan dagoeneko ari dira ikastetxeetan gaia lantzen; eta Gaztelekuan eta ludoteketan, berriz, jostailu ez sexisten astea izango dute astelehenetik aurrera.