Zapatuan hasiko dira Urola Erdiko Energia Jardunaldiak

Uztarria.eus 2015ko aza. 19a, 18:52
Energia Jardunaldien antolatzaileak, atzo Azpeitian eginiko aurkezpeneko argazkian.

Bailarako bost udalek eta hainbat gizarte eragilek antolatu dituzte, guztiak batzen dituen eskualdeko Energia Mahaiaren bitartez. Azaroaren 21etik abenduaren 2ra, Azpeitian, Azkoitian, Zestoan eta Beizaman izango dira jardunaldien barruko hitzorduak.

Energiaren gaia gizarteratzeko asmoarekin, Urola Erdiko Energiaren Mahaiak antolatuta Energia Jardunaldiak egingo dira zapatuan, azaroak 21, hasi eta abenduaren 2a bitartean. Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Beizamako eta Errezilgo udaletako ordezkariek, Ingurugiro Fundazioak, Urkomek, Elkar Ekinek, Piztu lantaldeak eta Iraurgi Berritzenek osatzen dute mahaia.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko agintaldian abian jarritako aurrekontu parte-hartzaileetan, 2013an eta 2014an bailaran prozesuan parte hartu zuten herritarren eskariz jaso zen energiaren gaia lantzeko beharra. Hari horri jarraituta garatu dute aurten Urola Erdiko Energia Plana. "Plan horretan, eskualdeko egoera energetikoaren diagnostikoa egiten da: egungo egoera, joerak, berriztagarriek eskualdean izan dezaketen potzentzialtasuna eta ondorio nagusiak aurki daitezke", azaldu zuen jardunaldien aurkezpenean Carmen Martinez de Lejarza Amenabar Iraurgi Berritzeneko energia teknikariak.

Eta Energia Plana aurrera eramateko sortu dute, hain zuzen ere, Energia Mahaia: "Dokumentuan proposatzen diren ekintzen artean, exekutatuko direnak lehenetsi eta mahaikideei interesgarri iruditzen zaizkien besteren bat proposatzea dira, besteak beste, Energia Mahaiak dituen betebeharrak, Iraurgi Berritzenen koordinazioarekin".

Urola Erdiko Energia Planaren barruan ekintza plana garatzen ari dira mahaian joan den irailetik, ekintzak zehaztuz eta martxan jarriz. Udalen energia fakturak sistematizatzea, merkataritzako eta lehen sektoreko diagnostikoak egitea eta gaiarekiko sentsibilizazioa lantzea dira, hain zuzen ere, abian dituzten lehendabiziko ekinbideak. Eta hirugarren horren barruan, sentsibilizazioaren eremuan, kokatu dituzte zapatuan hasiko diren Energia Jardunaldiak.

Egitaraua

Azpeitian, Azkoitian, Zestoan eta Beizaman izango dira jardunaldien barruko hitzorduak. Hau da prestatu duten egitaraua:

Azaroak 21, zapatua, Azkoitian

Energia berriztagarrien erakusketa, Usurbilgo Lanbide Eskolaren eskutik, 10:00etatik 14:00etara. Ateri bada Balda plazan egingo da; bestela, Kontzejupean.

Hainbat tailer egingo dituzte:

  • 11:00etan, Etxeko kontsumoen fakturaren azalpena eta interpretazioa.
  • 12:00etan, Biomasa galdararen funtzionamendua eta sare/kontsumoen azalpena.
  • 13:00ean, Eraginkortasuna argiterian.

Auto eta bizikleta elektrikoak ere egongo dira, goiz osoan zehar, herritarrek probatzeko.

Azaroak 26, osteguna, Beizaman

16:00etan, Aurreztu energia etxean argindar fakturatik hasita, Beizamako Natur Eskolan.

Azaroak 27, ostirala, Azpeitian

08:30ean, enpresekin lan-gosaria: Murriztu zure faktura energetikoa, Sindikatu Zaharrean.

Azaroak 30, astelehena, Azpeitian

19:00etan, Sanagustin kulturgunean, solasaldia: Eredu energetiko berriak. Aitor Urresti eta Xabier Azurza izango dira hizlariak, Jokin Aldazabal moderatzaile lanetan dela.

Abenduak 1, asteartea, Azkoitian

19:00etan, Elkargunean, OliagopolyOFF filma emango dute.

Abenduak 2, asteazkena, Azpeitian eta Zestoan

19:00etan, bi herrietako gaztetxeetan, OliagopolyOFF filma emango dute.