Azaroaren 25aren bueltan antolatutako egitasmoetan parte hartzeko deia egin du Udalak

Uztarria.eus 2015ko aza. 19a, 15:49
Estitxu Elduaien eta Ainhoa Beristain zinegotziak eta Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikaria.

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna izango da datorren asteazkenean. Hori dela-eta, hainbat egitasmo antolatu dituzte Bilgune Feministak, Emakumeen Mahaiak eta Udalak datozen egunetarako. Udalak jakinarazi duenez, zortzi indarkeria matxista kasu artatu dituzte aurten, Udaleko Gizarte Zerbitzuetan.

2015. urtean Azpeitian, zortzi indarkeria matxista kasu artatu dituzte Udaleko Gizarte Zerbitzuetan. Indarkeria pairatu duten emakume guztiak 27 eta 41 urte bitartekoak direla jakinarazi du Estitxu Elduaien zinegotziak. "Datu horiek erakusten dute oraindik ere emakumeenganako indarkeria gaur egungo gizartearen arazo larrienetakoa dela, eta belaunaldi gazteetan ere errepikatzen den arazo bat dela. Guztion erantzukizuna da arazo honi irtenbidea ematea", esan du Elduaienek.

Datuok azaldu ditu datorren azaroaren 25ean, asteazkena, Emakumeenganako Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango delako, eta egun horren bueltarako hainbat egitasmo antolatu dituztelako Bilgune Feministak, Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udalak. Elduaienek esan duenez, Azpeitiko Udalak "gogor salatu" nahi ditu indarkeria mota guztiak: "Erailketak, eraso fisikoak, bortxaketak, abusu sexualak, oihuak, irainak, umilazioak, mespretxuak, umore sexista eta publizitate sexista, kontrol mota guztiak... Eraso guzti-guztiak dira larriak, kasu denetan urratzen baitira emakumeen eskubideak".

Ainhoa Beristain zinegotziak aitortu duenez, eraso guzti horien jatorria "emakume eta gizonen botere harremanetan" kokatzen da. "Horregatik, herritar guztion konpromisoa beharrezkoa da arazo larri honekin amaitzeko. Gaurko honetan mugimendu feministak egin duen eta egiten ari den lan guztia azpimarratu nahi dugu", gaineratu du.

Azpeitiko Udalak "arduraz jabeturik" konpromiso hauek hartuko ditu hurrengo udalbatzarrean:

  • Arazo honi irtenbidea emateko eremu guztietan emakume eta gizonen eskubide eta aukera berdintasunean urratsak emateko bitartekoak eskainiko ditu.
  • Azpeitiko Udalak 2016ko aurrekontuetan ere berdintasun politikak indartzeko konpromisoa hartzen du, eta norabide horretan emakumeei arreta hobetzeko protokoloa hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Prebentzio lanak duen garrantziaz jabeturik, hezkidetza proiektua zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu.
  • Indarkeriari aurre egiten dioten emakumeen jabetze prozesuak martxan jartzeko konpromisoa hartzen du.
  • Azaroaren 25erako mugimendu feministak eta eragile ezberdinek antolatutako egitasmoetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta dei egiten diegu azpeitiar guztiei ekimen horietara gerturatzeko.

Honakoa da Emakumeenganako Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Bilgune Feministak, Azpeitiko Emakumeen Mahaiak eta Azpeitiko Udalak antolatu dituzten egitasmoak:

Azaroak 19, osteguna

17:00etan autodefentsa saioa Gaztelekuan, Gazteria Sailak antolatuta.

Azaroak 24, asteartea

18:00etan 'Gure herria emakumeen begietatik' ibilaldia Azpeitian zehar, Emakumeen Mahaiak antolatuta. Herriko gune desberdinetan nola sentitzen diren eta seguru sentitzeko zer aldatuko luketen aztertuko dute. Emakumeen Txokoan elkartuko dira.

Azaroak 25, asteazkena

19:00etan elkarretaratzea plazan, Bilgune Feministak deituta.

19:30ean Haize Berriak indarkeriari aurre egin dioten emakumeen elkarteko kideen hitzaldia, Emakumeen Txokoan, Emakumeen Mahaiak antolatuta.

Azaroak 27, ostirala

18:00etan Hortzaka taldearen eskutik, Eguzkilore antzezlana, Gaztelekuan.