Azpeitia eta Lasao arteko errepidearen ondoan dagoen hormigoi blokea kenduko du Aldundiak

Uztarria.eus 2015ko aza. 18a, 13:01
Lasaoko errepidearen ondoko hormigoizko blokea. (Eneritz Albizu Lizaso/Urola Kostako Hitza)

Urtea amaitzerako kenduko dutela jakinarazi dute Bide Azpiegituretako departamentuak, baina data zehatza ezin dutela esan ere esan dute, "baldintza asko hartu behar direlako kontuan". 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako departamentuak jakitera eman duenez, Azpeitia eta Lasao arteko errepidearen ondoan dagoen hormigoi blokea kenduko du urtea amaitzerako. Data zehatza ezin dutela jakinarazi azaldu dute, "garabiak, eguraldia, trafikoa... baldintza asko hartu behar direlako kontuan".

Harria kentzeko garabi bat baino gehiago beharko dituztela azaldu dute, eta aztertzen ari direla harria "bertan puskatzea eta ondoren kentzea". Dena den, horren inguruko erabakirik ez dutela hartu azaldu dute Bide Azpiegituretako departamentuko kideek. 

Aldundiak azaldu duenez, inguruko herrietako alkateek egindako eskariz erabaki dute harria kentzea.

Joan den irailaren 9an istripua izan zen Azpeitia eta Zestoa arteko errepidean, Lasao inguruan, eta hiru gazte hil ziren bertan. Autoak hormigoi bloke horren aurka jo zuen, eta horren harira, harriaren inguruko eztabaida sortu zen.