Jose Mari Azpiazu: "Bihotz barrutik sortu eta hainbat pertsonaren bihotzengan pentsatutako liburua da"

Uztarria.eus 2015ko aza. 18a, 18:25
Jose Mari Azpiazu, 'Nire barneko mendiak' liburuaren ale bat eskuetan duela.

Nire barneko mendiak liburua aurkeztu zuen joan den astean. Ia 300 orrialdetan, egileak Euskal Herri osoko mendietan egindako dozenaka argazki eta bere gogoetak jaso ditu. "Liburu humanista" dela dio Azpiazuk.

Jose Mari Azpiazuk (Azpeitia, 1953) orain dela zortzi bat urte bururatutako proiektua eman du argitara Nire barneko mendiak liburuarekin. Autoedizioa izan da berea eta emaitzarekin gustura dagoela argi utzi dio Uztarriari.

Aurkezpenean, beste kontu askoren artean, mendian egindako liburua zela, baina ez zela mendiko liburu bat esan zenuen. Nola azalduko zenuke hori?

Lehengoan esan nuen bezala, nire bihotz barru-barrutik sortu eta beste hainbat pertsonaren bihotzengan pentsatuta egindako liburua da hau. Bizi dugun apatia eta desilusio garai hau ikusita, nire partetik galera sentsazio horri aurre egiteko ur tanta bat bezala, ekarpen bat. Liburuaren helburua pertsonon barrua berpiztea da, ilusioa sortzea. Azken finean, bizigarri edo motibazio batzuk sorraraztea, hutsuneak dituzten edo iparrik gabe gelditu diren pertsonentzat; edo, besterik gabe, bizitza honetan zer nahi duten sekula pentsatu ez dutenentzat. Mendian egindako liburua da, mendizaleari balio dio, baina baita mendizale ez denari ere. Nik pertsonentzat egin dut, gure hiriak eta herriak arimatik egin behar direla sinesten dudalako, arima horren esentzia pertsona dela, eta pertsonak momentu honetan bizigarri beharrean daudela. Gure gizarteko pertsonei ikuspegi bat eta ilusio bat eskaintzea da nahi izan dudana, besterik ez.

Noiz sortu zitzaizun zure gogoetak eta mendigoizaletasuna uztartuko zituen liburu bat egitearen ideia?

Aurretik ere baditut liburuak eginda, bakarka eta talde lanean. Liburu desberdin bat edo liburu humanista bat egin nahi nuela, zortzi bat urte izango dira buruan neukala. Gero, bidean gauza asko tokatu zaizkit, denboraz ere nahiko eskas ibili naiz. Baina mendira ateratzen nintzen bakoitzean, batetik argazkiz josita eta, bestetik, hausnarketa pila batekin itzultzen nintzen. Lehen pertsonetaz hitz egin dut, eta orain mendizaletasunaz hitz egingo dut. Mendigoizaletasunak ikuspegi ezberdinak ditu: batzuentzat lehia da, beste batentzako kirola, beste batentzako denborapasa... Niretzako, mendia neure buruarekin aurkitzen naizen txoko bat da, txoko erromantiko bat. Neure buruarekin hantxe galtzen naiz eta, era berean, maite dudan jendearekin ere hantxe elkartzen naiz. Mendia, batetik, barrua betetzen didan lekua da; eta, bestetik, ikuspegi zabal bat ematen dit, gure gizartean zer gertatzen ari den eta gizarteak zer behar dituen hausnartzen laguntzeko.

Egunerokotasunean aurkitzen ez dituzun espazioa eta denbora topatzen al dituzu mendian, ideia horiek garatzeko?

Bai, izan daiteke. Eta uste dut adinak ere baduela zerikusia. Adinean aurrera zoazen heinean, zure ikuspegiek ere eboluzionatu egiten dute. Gazteak ginenean, gure ametsak mendira joatea eta mendian gozatzea ziren. Gero, gauza potoloagoetan hasi ginen pentsatzen: Alpeak, Himalaia... Nire adinera iritsita, gauza horiek denak pixka bat erlatibizatu egiten dituzu. Momentu honetan, gizarteko kide moduan, gizarte honen alde zerbait egitea nahi duzu. Batzuk modu politiko batean egingo dute, beste batzuk modu erlijioso batean, eta nik nahi dudana modu humanistiko batean egitea da.

Mendia maite duzun jendearekin egoteko topalekua ere baduzula aipatu duzu. Liburuaren aurkezpenean, alboan izan zenituen Josu Bereziartua eta Ana Mendizabal, Jesus Mendizabal 'Errexil'-en alarguna.

Nire bizitzan izugarrizko pisua izan duten pertsonak dira. Kontuan izan, hasiera batean sortu genuen taldean bost lagun ginela. Istripu baten ondorioz, Joxe Takolo eta biok gelditu ginen, eta indar handiz zetozen gazteengana hurbildu ginen, tartean Josu Bereziartua eta Pako San Sebastian zirela. Elkarrekin 40 urte egin ditugu, bai Errexilekin eta bai Josurekin, milaka amets konpartituz. Asko disfrutatu dugu elkarrekin. Liburu honen ideia sortu baino askoz lehenagoko kontuetaz ari naiz. Adibidez, Himalaiako aurreneko espedizioa elkarrekin atera genuen, elkarrekin joan ginen. Liburuaren proiektua proposatu nienean, Errexil nire ondoan egon zen, garai hartan posible zuelako. Errexilek eta biok 300 bat gailur eginak ditugula uste dut. Josurekin ere bai, asko, baina kontuan izan behar da orain dela bi-hiru urtera arte Josu himalaismoan murgilduta ibili dela, Euskal Herri mailan egin diren espedizio garrantzitsuenetan. Niretzat oso hunkigarria izan zen Josu eta Errexilen emaztea ondoan izatea zeren, zoritxarrez, uste dut mendiaren bueltako munduan geratzen zaizkidan lagun bakarrak direla, beste denak beste mundura joanak direlako. Biak ezker-eskubi ondoan izatea ohore bat zen, batetik, eta lasaitasun handia bestetik, liburuarena nirekin osorik konpartitzen zutela jakinda. Beraiek oso ondo ezagutzen dute liburua, elkarrekin egin dugu eta: ibilbideak, eskaladak...

Josuz eta Errexilez aparte, urte hauetan gure inguruan jende asko izan dugu, irteeretan parte hartu dutenak, eta haiek ere liburu honen parte izan dira; denak aipatzen ditut, bukaerako orrialdeetan. Mendiak eginez gozatu dugu, betiko lagunekin hainbat eta hainbat ordu pasatuz. Eta irteera horietatik ekarri dugun materiala izugarria da, bost liburu egiteko haina material baneukan.

Liburuaren eduki humanista, gogoetena eta, Euskal Herriko herrialde guztietako mendietan ateratako argazki pila batekin jantzi duzu. Nola erabaki zenuen liburua horrela antolatzea?

Euskal Herriko mendirik garrantzitsuenak, edo behintzat niretzat deigarrienak direnak, liburu batean jasotzea nahi nuelako. Mendiak ez du mugarik, Euskal Herria bat da eta ez du barruan mugarik. Argazki eta hitz guztiak neureak dira. Askoz ikusgarriagoak diren argazkiak badauzkat, baina liburuan Euskal Herriko zazpi herrialdeetako mendigune gehientsuenak ordezkatuta egotea zen nahi nuena. Enblematikoak diren hainbat mendi ezin nituen albo batera utzi, baina uste dut jende askok sekula entzun gabeko eta ezagutzen ez dituen mendi asko eta asko ere ekarri ditudala liburura. Gero, mendigoizale bezala bai Errexil, bai Josu eta bai ni pentsakera antzekodunak izan garelako, hainbat mendi bere berezitasuna edo zailtasuna zuten bideetatik igotzen ere saiatu gara. Eta pentsatzen nuelako hitzentzako konpainia onena eta agertoki politena mendia izan zitekeela. Gero, komunikazioko profesionala naizen aldetik, saiatu naiz diseinuaren ikuspegitik ahalik eta irakurterrezena egiten. Hitzak mendi artean ondo harrapatuta egon daitezen ahalegindu naiz, eta hizki handiak erabili ditut, inork ez dezan irakurtzeko zailtasunik izan. Azkenik, poesiatik eta mistikatik urruntzen ere saiatu naiz; edozein pertsonari edozein tokitan sor liezaizkiokeen pentsamenduak eta sentimenduak dira, nire erara adierazita.

Datozen asteetan gehiago izango dituzun arren, lehendabiziko aurkezpena Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan egin zenuen, eta Azpeitian han eros daiteke liburua, ezta?

Mendizaleetan egin nahi nuen aurkezpena, txiki-txikitatik eduki dudalako lotura bat Lagun Onak Mendi Bazkunarekin. Baita beraien aldetik izugarrizko harrera ona izan dudalako ere, eta Azpeitia mailan liburu hau aurkezteko lekurik egokiena zela iruditzen zaidalako. Gainera, jendeari esan nahi nioke Euskal Herri osoan erreferente den mendizale elkarte bat dugula Azpeitian, historia luzearekin eta jende jatorrarekin. Beraz, leku hoberik ez zegoen liburua aurkezteko.

Zer helarazi dizute orain arte liburua esku artean izan dutenek? Zer-nolako harrera ari da izaten?

Komentario ezinhobeak entzun ditut, eta banekien horrela izango zela. Aurretik test moduko bat eginda neukan. Liburuak argitaratzen dituzten guztiek badakite, liburudenden bidea agortzen ari dela. Hori horrela, bide berriak aurkitzeko gai izango al nintzen ikustea zen nire erronketako bat. Liburu hau gehiena enpresetan saldu dut: langileentzako motibaziorako liburu bezala, azoketarako opari bezala, kanpotik etortzen zaizkien bisitariei Euskal Herria hobeto ezagutu dezaten oparitzeko... Helburua da, eta bereziki mendigoizaletasunaren inguruko literaturari begira, liburudendez gain beste bide batzuk ere jorra daitezkeela erakustea. Mendigoizaleok kontaketa eta gida liburuetatik haratago joan beharrean gaudela ere uste dut, mendiaren gaineko kontaketak eta gidak Interneten dauzkazulako eskura. Beste mota bateko liburuak eskaini behar ditugu eta horretarako berritzaileak izan behar gara; ez bakarrik liburuen edukiak planteatzerakoan, baita saltzerakoan ere.

Zure autoedizioa izan da, ezta?

Bai, ez dit inork lagundu, ezta pezeta batekin ere. Arrisku osoarekin atera dut, eta esan dezaket finantziazioa kasik erabat estalita dudala, aipatu ditudan bide berri horiek jorratu ditudalako. Niretzako liburu esperimental bat izan da baina, hori bai, konpromiso handi batekin egina.