Hausnartu sarietako bat irabazi du Haritz Etxeberriak

Uztarria.eus 2015ko aza. 17a, 12:38
Haritz Etxeberria artxiboko irudi batean.

Soziolinguistika Klusterran antolatzen dituen sarietan hirugarrena eskuratu du azpeitiarrak EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan lanari esker. Irabazle hautatu dituzten lanak eta lehiaketan parte hartu duten beste hainbat BAT Soziolinguistika Aldizkariak argitaratuko ditu 2015eko abenduko 97. zenbaki monografikoan.

2015eko Hausnartu Euskal Soziolinguistika sarietako bat irabazi du Haritz Etxeberriak (Azpeitia, 1980). Zuzenbidean graduatua da azpeitiarra, eta hirugarren saria eskuratu du, EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan lanari esker. Hori dela eta, 700 euroko diru-saria jasoko du Etxeberriak.

Soziolinguistika Klusterrak antolatzen dituen sarietan lehenengoa, berriz, Xabier Aizpuruak irabazi du, Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia lanari esker. Eta bigarren saria, berriz, Jaime Altunak, Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan lanarengatik.

Irabazle hautatu dituzten lanak eta lehiaketan parte hartu duten beste hainbat BAT Soziolinguistika Aldizkariak argitaratuko ditu 2015eko abenduko 97. zenbaki monografikoan. Sari-banaketa ekitaldia, berriz, 2016ko urtarrilaren 29an izango da, Donostian.