Gureak eta Eroski pozik, Azpeitiko saltoki berriaren emaitzekin

Uztarria.eus 2015ko aza. 16a, 18:15
Eroski zabaldu zuten eguneko irudi bat

Duela hilabete Gureakekin martxan jarri zuen proiektua EAEtik kanpo zabaltzea aztertzen ari da Eroski. Espero baino salmenta handiagoak eduki dituzte lehen hilabetean eta langile bat gehiago kontratatu beharra ere izan dute.

Urritasun bat duten pertsonek kudeatutako Euskal Herriko eta espainiar estatuko lehenengo supermerkatuak arrakastarekin igaro du lehenengo hilabetea. Azpeitian urriaren 15ean ireki zuten saltokiaren esperientzia EAEtik kanpo zabaltzea aztertzen ari dela azaldu du Eroskik. Izan ere, proiektuaren inguruan interesa agertuz hainbat dei jaso dituzte hilabetean zehar.

Gureakeko hamar langilerekin ireki zituen ateak Eroski/Cityk Azpeitian, eta espero baino salmenta handiagoak eduki dituztenez, langile gehiago kontratatu beharra ere izan dute. Ogia egitea, denda garbitzea, produktuen iraungitze-datak begiratzea edo apalak txukuntzea da euren zeregina, beste hainbat gauzen artean. Maria Viguera Gureakeko proiektuaren arduradunak lehenengo hilabetea "positiboa" izan dela esan du eta denda "ezin hobeto" funtzionatzen ari dela. "Erosleak itzuli egiten dira eta salmentek aurreikuspenak gainditu dituzte", gehitu du. Horren erakusle da langile bat gehiago kontratatu behar izan dutela.

"Supermerkatu berriak beste Eroski denden ezaugarri berdinak ditu", azpimarratu du Viguerak, "ezberdintasun bakarra langileak dira". Gureak taldeko hamaika lagun ari dira gaur egun Eroskiren supermerkatu berrian lanean eta horiei beste Eroski dendetan irakatsi zieten bertan lana nola egin.

"Harreman ona daukagu denon artean, errespetuz tratatzen dugu elkar, lanerako gogoarekin eta ilusio handiaregin gaude", aipatu du Izaskun Zinkunegi dendako zuzendariak.