Añares Rioja ISBk Embutidos Pajarielen aurka jokatuko du igandean kiroldegian

Uztarria.eus 2015ko aza. 13a, 18:16
Davidova eta Lizarazu, Añares Riojaren neurketa batean. (ISB)

Partida 18:00etan hasiko da. Sammic ISB taldeak, berriz, Moron de la Fronteran (Sevilla) jokatuko du, zapatuan. 

Emakumeen Ligako Añares Rioja ISBk igandean etxean izango du norgehiagoka, 18:00etan hasita. Leongo Embutidos Pajariel taldea izango dute aurkari Iraurgikoek. Talde leondarra emaitza onak ari da edukitzen; horren erakusle da aurreko jardunaldian Gernika-Bizkaiari irabazi izana. Añares Riojak, berriz, azkenengo partida Ferrolen jokatu zuen, Galizian. 76-73 galdu zuten Joseba Lizarralde Rubio-ren neskek, orain arteko emaitzarik estuenean. Aurreneko garaipenaren bila jarraitzen dute Iraurgikoek Emakumeen Ligan.

Sammic ISB taldearen aurkaria, berriz, Aceitunas Fragata Moron de la Fronterako taldea izango da aste honetan. Zapatuan jokatuko dute, 18:00etan. Sevillarrak igo berriak dira Zilarrezko LEB ligara eta maila onean ari dira.

Sammic ISBk hasiera bikaina izan du txapelketan. Azken partida Granadako Coviranen aurka jokatu zuten eta 83-71 irabazi zuten. Iker Bueno entrenatzaileak denboraldi honetako partidarik "borobilena" izan zela esan zuen.