Umorea eta hausnarketa bat eginda Euskal Antzerki Topaketetan

Urola Kostako Hitza 2015ko aza. 13a, 11:30

XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak aurrera doaz, eta asteburu hau guztiz anitza izango da: Jokoz kanpo, Punto Ta Punto eta Magia Lapurra obrak ikusgai.

Umorea, drama eta magia; haur, heldu eta gazteentzat. Herriko aktoreak eta punta-puntako profesionalak. Denetik izango da aukeran asteburuan, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. Izan ere, Jokoz kanpo profesionalez osatutako obra, Punto Ta Punto herriko emakume taldearen lana eta Magia Lapurra estreinaldia eskainiko dituzte Soreasu antzokian.

‘Jokoz kanpo’

Generoa. Satira, umorea.

Aktoreak. Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota.

Zuzendaria. Anartz Zuazua.

Ekoiztetxea. Borobil.

Manu eta Martin eskolako bi futbol entrenatzaile dira, eta talde banaren ardura dute. Manu ohituta dago irabazten; Martin, berriz, galtzen. Eskolako futbol txapelketako finalean, ordea, paperak aldatu egingo dira, eta orduan ikusiko da gizakiek zer jarrera hartzen duten halakoetan.

"Oinarrizko futbolari buruzko satira" gisa definitzen du obra Anartz Zuazua zuzendariak. "Futbolak gizakiaren onena eta txarrena ateratzen du, eta horri heldu diogu guk", esan du zuzendariak. Inprobisaziotik sortutako istorio originala da Jokoz kanpo, eta barreak ez du etenik obra guztian zehar. "Lau aretotan antzeztu dugu, eta oso harrera ona izan du jendearen aldetik", esan du. Eskualdean lehen aldiz aurkeztuko dute ostiralean.

Mikel Pagadik, Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak eta Zuazua berak idatzi dute istorioa, eta punta-puntako antzezleekin eman diote bizia. "Futbolean esaten den bezala, dream team-a osatu dugu".

Gizon zein emakumeek, adin guztietakoek, goza dezakete antzezlanaz: "Beraiek identifikatuta sentitzen ez badira, izango dute inguruan norbait antzezleen antzera portatzen dena". Zuazua "deseatzen" dago ostiralean Azpeitira etortzeko, "beti" izan duelako topaketetan parte hartzeko gogoa: "Erreferenteak dira euskarazko antzerkigintzan".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.