'Bertakoa eta garaikoa' lelo hartuta dator IV. Urola Gustagarri

Uztarria.eus 2015ko aza. 13a, 10:46
Urola Erdiko udal ordezkariak, Urkomekoak eta Iraurgi Berritzenekoak Insaustin, atzo.

'Bertakoa eta Garaikoa' izango du lelo Urola Gustagarriren IV. edizioak. Urola Erdiko bederatzi jatetxek bertako produktuez osatutako hainbat plater prestatuko dituzte azarotik urtarrilera bitartean.

Urola Gustagarriren IV. edizioa aurkeztu zuten atzo, osteguna, Urola Erdiko udal ordezkariek, Azkoitiko Insausti jauregian. Bertan izan ziren, Azpeitiko, Azkoitiko, Beizamako eta Zestoako udaletako nahiz Urkomeko eta Iraurgi Berritzeneko kideak, edizioaren berri ematen.

Bertakoa eta garaikoa lelo hartuta, urtarrila bitartean izango da abian egitasmoa. Sustatzaileek azaldu dutenez, "etxeko produktuak erabiltzea eta kontsumitzea garrantzitsua da, inguruko ekoizleak indartzeko". Horrez gain, bertako produktuek udazkeneko azoketan izaten duten presentzia ere azpimarratu zuten; Azkoitiko sanandresetako, Azpeitiko santotomasetako eta, Zestoako Zoro Peria nahiz Errezilgo Sagarraren azoka, jarri zituzten adibide gisa.

Laugarren edizio honetan Urola Erdiko bederatzi jatetxek eskainiko dituzte plater bereziak: Azkoitiko Joseba eta Laja jatetxeek; Azpeitiko Jai-Alai, Larrañaga, Mikel Uria, Sagasti Zahar eta Lau Bide jatetxeek; Beizamako Ostatu Zaharrak eta Aizarnako Aranburuk. Beraz, asteburu honetan hasita, bertako eta garaiko produktuekin osatutako platerak dastatzeko aukera izango da jatetxe horietan.