Leku desberdina, balore berak

Urola Kostako Hitza 2015ko aza. 13a, 11:37
XJ Auzolaneaneko kideak lokala atontzen. (E. Albizu Lizaso/Urola Kostako Hitza)

2008an sortu zen XJ Auzolanean taldea, eta Iluntze lokalean egon dira 2010az geroztik. Gaur inauguratuko dute txoko berria, eta hemendik aurrera auzotar guztiek erabiltzea nahi dute. 19:30ean izango da irekiera ekitaldia, eta XJ Auzolaneaneko kideek auzotar eta herritarrak gonbidatu dituzte bertara. Gainera, lokalean erakusketa txiki bat jarri dute auzoko jaietako argazki eta egitarau zaharrekin.

Auzo bizia da Sanjuandegi, bere 4.000 bizilagunekin. Horretaz jakitun, 2008an sortu zuten XJ Auzolanean taldea. "Festak antolatzen zituen gazte taldeak ikusi zuen, jai onak egiten ziren arren, urtean zehar nahiko itzalduta egoten zela auzoa", azaldu dute Aitor Beloki eta Oier Salegi XJ Auzolanean taldeko kideek. Orduan eman zuten "aurrerapausoa", eta taldea sortu zuten, auzoan zeuden beharrak asetzeko.

XJ Auzolanean sortu zenean, ordea, auzoan ez zuten biltzeko lekurik: "Lokala auzoarentzat! kanpaina jarri genuen martxan, eta 350 sinaduraz gain, auzoko tabernari eta dendarien atxikimenduak bildu genituen, txoko bat izan genezan", azaldu du Belokik. 2010ean lortu zuten Sanjuandegiko auzotarrek lokala, eta 2012an inauguratu zuten, Iluntze izenarekin. Halere, jabetza pribatukoa zen, eta errenta ordaintzen zuten: "Udalaren diru laguntza geneukan errenta ordaintzeko, baina ez zen geure lokala, gabezia hori zuen".

Udalak igerileku berria egin zuenean, aukera eman zien XJ Auzolanean taldeko kideei bertan txoko bat izateko. "Erdigunean zegoen lokal bat nahi genuen", nabarmendu du Salegik. Gaur bertan inauguratuko dute auzo lokal berria, 19:30ean, eta auzotar zein herritar guztiak gonbidatu dituzte hura ezagutzera. Luntx bat jarriko dute aro berriari hasiera emateko.

Jarraitu erreportajea irakurtzen, hemen.