Egia jakiteko eskubidea (memoria) Azpeitian

Jabi Buces (Aranzadiko ikertzailea) eta Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea) 2015ko aza. 12a, 19:26

Azpeitiko memoria, inguruko beste hainbat herritako memoria bezalatsu, lazgarria da. Giza eskubideak hamarkada luzez urratu dira eta horrela jasotzen dute Azpeitiko Udalarentzat Aranzadi Zientzia Elkarteak eginiko lanek.

Herri baten memoria osatzeko ahalegina egiterakoan, giza eskubideen urraketen biktimak izan direnek eta senitartekoek euren kontakizunak defenditzeko eskubidea dute. Kolore batekoak izan ala bestekoak, kontakizunak kontrajarriak izan ala ez, biktima batek bere egia defendatzeko zilegitasun osoa edukitzeaz gain, behar-beharrezkoa da. Erakundeek, berriz, gertatutakoa ez desitxuratzeko kontakizun guztiak hartu behar dituzte aintzat, ezin dute, gertatu ohi den bezala, batzuk gogoratu eta beste batzuk, ahantzi.

Beraz, elkarbizitza oinarri izan nahi duen gizarte batean, azken hamarkadetako gatazka politikoa gainditzeko arerioaren kontakizuna onartzen den gizarte batean, garaile eta garaituen diskurtsoak ez du tokirik, errealitatearen zati bat ezkutatzeko asmorik ez badago behintzat. Nazio Batuen Giza Eskubideen Kontseiluak biktima guztiei aitortzen die egia ezagutzeko, justizia izateko eta erreparaziorako eskubidea. Baina ez egia, ez justizia, ezta erreparazioa ere, ez dira frankismoaren galtzaileengana iritsi. Horregatik, diktadorea hil eta 40 urtera, garaituen memoria osatzeko dago. Egia ezagutu gabe, jakin gabe zenbat eta nortzuk izan ziren frankismoaren errepresioaren zuzeneko biktimak, hilaren 10ean egindako Memoriaren Eguneko aitortza ez da nahikoa, ez da osoa.

Azpeitian, adibidez, herritarrek jakin badakite altxatuen bandoko 79 lagunek bizia galdu zutela frontean, Perez Arregi plazan monumentu bat eta hilerrian mausoleoa eraiki zirelako. Gainera, urte luzez, urtero agintariek omenaldia egin zieten. Baina gaur egun arte, frontean hildako gudariei eta milizianoei, kopuru zehatza jakin gabe ere, ez zaiei inoiz ez omenaldirik, ezta aitortzarik egin ere. Garaitu eta garaileen diskurtsoa ordutik dator, hamarkada luzeetatik dator, eta diskurtso horrek diktaduraren ostean ere bere eragina du.

Lezio horiek kontuan izanda, gertuagoko urraketak ez baditugu egokitasunez jasotzen, orain denon egia jasotzen ez bada, etorkizunean egia ezagutzeko aukerak gutxitu egingo dira. Izan ere, lekuko zuzenak desagertuko dira, informazio iturriak; gertatutakoa aitortuko luketen dokumentuek, garaileek gordetako artxiboetan bahituta jarraituko dute... Gure esku dago Memoriaren Eguna biktimentzako egiaren, justiziaren eta erreparazioaren benetako aitortza izatea eta elkarlanean egin behar dugu.

Azpeitian, orain arteko jasotako urraketen mapa:

Urraketak eta biktimak

1936-1945

  • Ihes egindakoak: 800-1.000 azpeitiar.
  • Bonbardaketa: 3 heldu hilda eta 1 zaurituta.
  • Erailak: haur 1, eta beste bat zaurituta, tiroz.
  • Frontean: 21 gudari hilda eta 79 herritar hilda, tropa frankistek.
  • Fusilatuak: 7 herritar.
  • Lan galtzeak: 77 herritarrek galdu zituzten euren lanpostuak.
  • Errepresio ekonomikoa: 21 herritarri ondasunak kendu eta 35 herritarri zigorra ezarri zitzaien.
  • Kontzentrazio eremuak: 47 herritar lan gogorrak egitera behartuak.
  • Epaituak: 154 azpeitiar guda kontseiluan epaituak, horietatik 11 emakumeak.
  • Preso politikoak: Espainiako Errepublikaren aldeko 41 preso zenbatuta. 4 Azpeitiko kartzelan hil ziren, eta emakume bat emakumeen kartzelan.
  • Emakumeen desterratzeak: Azpeitian, gutxienez, 14 kasu.

1945-1960

  • Aztertu gabeko garaia da, beraz, inbestigazio zehatz batekin jakingo litzateke garai horretan zehar gertatutakoaren egia eta biktimak errekonozitzea.

1960tik gaur egun arte

  • Bizitzeko eskubidearen aurka: 13 biktima, horietako biren kasua oraindik epaitegian argitu gabe.
  • Osotasun fisiko, psikiko edo moralaren aurka: guztira, 83 kasu, horietatik 73 torturak, 2 bahiketa eta 8 atentatu.
  • Mehatxu larriak: 10 herritar.
  • Estortsio ekonomikoa: 5 kasu identifikatuta.
  • Bestelakoak: kartzela-dispertsioaren politikaren eraginpean 5 azpeitiar une hauetan.