'VIII. Euskal Presoak Euskal Harrietara' boulder txapelketa izango da asteburuan Gaztetxean

Uztarria.eus 2015ko aza. 11a, 17:40
Iazko boulder txapelketako irudia.

Presoei urratzen zaizkien oinarrizko eskubideak salatzeko eta elkartasuna adierazteko helburuarekin antolatu dute txapelketa, beste urte batez. Zapatuan izango da txapelketa, eta izen-ematea hamar eurokoa izango da. Ostiralean, berriz, ikus-entzunezko emanaldia izango da Gaztetxean.

'Euskal Presoak Euskal Harrietara' boulder txapelketa herrikoia izango da, beste urte batez, azaroaren 13an eta 14an, Gaztetxean. Herriko eskalatzaile talde batek euskal preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko ekimen hau antolatzen duten zortzigarren aldia da, eta aurtengoa "aurreko ediziotakoa bezain arrakastatsua" izatea espero dutela adierazi dute.

Ostiralean Maliko eskalada bidaia ikus-entzunezkoa emango dute 21:30ean hasita. Zapatuan, berriz, eskalada txapelketaz gozatu ahal izango da, 11:00etatik aurrera. Izena egunean bertan eman beharko da, eta hamar euro ordaindu beharko du parte hartzaile bakoitzak. Elastiko bana jasoko dute parte hartzen duten guztiek.

Honakoa izango da egutegia:

Azaroak 13, ostirala:

21:30ean Maliko eskalada bidaia ikus-entzunezkoa.

Azaroak 14, larunbata:

10:00etan Herrikoiak A mailaren (maila errazena) izen-ematea.

10:00etatik 13:00etara Herikoiak A mailako txapelketa.

13:00etan Herrikoiak B mailaren (maila zailagoa) izen-ematea.

15:00etatik 17:00etara Herrikoiak B mailako txapelketa.

17:30ean Sateliteen norgehiagoka.

Izen-ematea hamar eurokoa izango da eta kamixeta bat izango du parte-hartzaileak opari.