Memoria plazara

Uztarria.eus 2015ko aza. 10a, 20:43

Udaleko bi indar politikoek deituta, ehun pertsona inguru elkartu dira gaur arratsean plazan, Memoriaren Eguna kari egin den hamabost minutuko elkarretaratze isilean. Ordu laurdena igarota, bertaratu direnek txalo artean bukatu dute ekitaldia.

Elkarretaratzea 19:00etan hasi da. Ordu erdi lehenago, ezohiko udalbatzarra egin dute udaletxean, gobernuan den EH Bilduk eta oposizioko alderdi bakar den EAJk Memoriaren Eguna dela-eta adostu duten adierazpena aho batez onartzeko. Hau da, osorik, Azpeitiko Udalak gaur onartu duen adierazpena:

"Gaurko eguna bizikidetzaren aldeko apustua indartzeko beste pauso bat emateko erabili nahi dugu. Azpeitiko Udalean ordezkatuta gauden alderdi politikoentzat lehentasuna da oroimenean oinarritu behar diren bakea eta elkarbizitza lortzea, eta bide horretan gure konpromisoa adierazi nahi dugu; denok eraiki behar ditugu zubiak, denok dugu elkarrekin bakean bizitzeko eskubidea, askatasunean eta inor baztertu gabe.

Hamarkada luzeetan azpeitiarrok asko sufritu dugu. Aranzadi elkarteak gure herrian egindako lanketek, hamarkada luzeetan biolentzia ezberdinek eraginda mota guztietako giza-eskubideen urraketak sufritu dituzten herritarren errelatoak jaso dituzte.

Jabetzen gara, zerrendatutakoak baino biktima gehiago daudela. Beraz, emandako pausoa osatu beharreko lan baten hasiera da; tamalez, gaur egungo urraketak ere gehitu behar dizkiogu. Denok, 'egia' osoa jakiteko eskubidea dugu eta honi behar bezala erantzuteko konpromisoa hartzen du Azpeitiko Udalak, eta horretarako elkarlanerako eskua luzatu nahi dizuegu herritarroi ere.

Oroimenarekin eraiki nahi dugu etorkizuna, eta sufrimendu guztiak aitortu nahi ditugu, ez dugu sufritu duen inor baztertzerik nahi. Iraganera sakon begiratu behar dugu, espiritu kritikoarekin eta zintzotasun osoz atzera buelta gabeko mina jaso duten herritarrei min horren aitorpena egiteko. Adierazpen honekin guztiei errekonozimendua egitea nahi diegu.

Ezin dugu iragana aldatu, baina bai etorkizuneko lezio sakonak atera, gertatutakoaren kontzientzia izan, berriro gertatu ez dadin. Elkarbitzitza eraikitzea denon ardura da eta horren aldeko konpromiso zabala behar dugu. Bakoitzak bere esparrutik, elkarrekin errespetuz bizitzen ikasi behar dugu, etorkizun oparoago baten oinarriak finkatu ditzagun.

Azpeitiko Udaleko ordezkariok, gaurkoan, konpromiso publiko bat hartzen dugu: gure esku ditugun bitarteko guztiak jartzen jarraituko dugu, gure herriko memoria konpartituta, elkarbizitzaz eta errespetuz, gure herria eraikitzen jarraitzeko".