Maite Bilbao: "Emakumeak etxean nahiz familian egiten dituen lanek pentsioetan eragin beharko lukete"

Uztarria.eus 2015ko aza. 11a, 12:23
Maite Bilbao Euskadiko Emakume Alargunen Elkarteen Federazioko lehendakaria. (Aiaraldea.eus)

Euskadiko Emakume Alargunen Elkarteak hainbat hitzaldi antolatu ditu Euskal Herrian. Gaur, asteazkena, Azpeitian izango dira, 17:00etan hasita, Baigerako aretoan. Uztarria.eus-ek elkarteko lehendakari Maite Bilbao (Laudio, 1954) hitz egin du eta hark azaldu duenez, "gustura" dago hitzaldietan jendea edukitzen ari den jarrera positiboarekin.

Noiz eta nola sortu zen Emakume Alargunen Elkarteen Federazioa?

Lehenengo Emakume Alargunen Elkartea Gasteizen sortu zen, duela 43 urte. Ondoren, Donostian eta Amorebietan ere sortu ziren. Horiek, ordea, elkarteen taldeak direla esango genuke eta ez federazioak. Lehenengo federazioa, gurea, 1994an sortu zen. Horren helburua, emakume alargunek gizartetik jasotzen ez duten laguntza ematea izan zen.

Nola laguntzen dio elkarteak emakume alargunei?

Gure elkarteak bi alorretan laguntzen die emakume alargunei, beste hainbaten artean. Lehena, laguntasun psikologikoa da, hau da, emakumeei moralki eta psikologikoki aurrera ateratzen laguntzen diegu. Bestalde, gizarte laguntza eskaintzen diegu. Gauzen inguruan informatzen ditugu, pentsioen inguruko informazioa ematen diegu eta, adibidez, bete beharreko paperak jasotzera nora joan behar duten azaldu ere bai.

Krisiak nola eragin dio elkarteari?

Krisiak emakume alargunoi asko eragin digu. Soldatak izoztu egin dizkigute. 2009an esan ziguten 2015era arte soldatak igotzen joango zitzaizkigula, eta urtebetera, 2010ean, izoztu egin zizkiguten. Nire pentsioa, esate baterako, zaharkitua gelditu da. Pentsioetan nabaritu dugu aldaketarik handiena. 1967an emakume asko lana uztera behartu zituzten eta, 65 urte betetzen zituztenean, SOVIa (ezintasuneko aitzinako asegurua) kobratuko zutela esan. Horiei SOVIa kendu egin zioten. Gogor borrokatu ostean, asegurua aktibatzea lortu genuen; euren eskubidea da eta ezin zioten kendu.

Emakume alargunek pentsioaz gain, beste laguntzarik jasotzen al dute?

Eusko Jaurlaritzatik, Aldunditik nahiz hainbat eta hainbat udaletatik laguntza asko jaso dugu. Zergak jaisten lagundu digute horiek, adibidez. Hala ere, laguntza nahikorik ez dugu. Zortzi urte daramatzat federazio honetan eta pixkanaka-pixkanaka aurrerantz goazen arren, laguntzak ez dira asko handitu. Laguntzarik ez duzu automatikoki jasotzen eta zeuk joan behar duzu horien bila. Kasu horietan, normalean, alarguna ez da laguntzen inguruan informatzen eta galdu egiten ditu. Orokorrean, traba asko jartzen dizkigute leku gehienetan.

Gaur egun, zein da alargun batek duen arazorik azpimarragarriena? 

Arazo bategatik edo besteagatik bizi profesionala uztea erabakitzen badute, lan merkatura itzultzea ia ezinezkoa da. Lan zailetan eta gogorretan aritzeko izaten da aukera gehiena eta horietara moldatu beharra edukitzen dute askok. Gazteek, gaur egungo egoerarekin, lana aurkitzeko zailtasuna badute, jende helduak nola ez?

Emakume alargunak eta gizonezko alargunak gizartean berdin tratatzen al dituzte?

Ez. Gizonezko bati emaztea hiltzen bazaio, ez diote pentsioan deskonturik egiten eta emakumeei, aldiz, bai. Emakumeari gizona hiltzen bazaio %52an uzten dute. Diskriminazio hutsa dela iruditzen zait. Horren zergatia gizona lanean jardun izana eta emakumea ez aritu izana dela diote. Hori garaiko egoeragatik da; izan ere, bere garaian gizonari lana egitea tokatu zitzaion bezala, emakumeari familia aurrera ateratzea egokitu zitzaion. Gizonezkoak eduki dituen irabaziak unitate familiarrak dira, ez gizonarenak soilik. Izan ere, emakumeak lan asko egin du bizitzan zehar, eta bien artekoa irabazitako dirua da.

Zuen elkarteak hainbat ekitaldi nahiz hitzaldi antolatzen ditu...

Ahalik eta ekitaldi gehien egiten ahalegintzen gara. Elkartearen errutina beti berdina izan ez dadin nahi dugu eta ikuspuntu ezberdinetako jendearen iritziak edo esperientziak jasotzea. Informatu eta formatzeko helburuarekin antolatzen ditugu hitzaldiok. Aurrerago aipaturiko gauzez informatzen dugu (paper kontuez, esate baterako). Formakuntzan, aldaketak bultzatzea dugu helburu. Emakume askok, hasieran, euren senarrak egiten zituen gauzak egitera ez direla ausartzen esaten dute. Adibidez, bankura paperen bat sinatzera joatea kostatu egiten zaie hasieran. Hainbat hitzaldiren ostean, egin ezin zituzten gauzak egiteko gai izaten dira, normalean.

Elkartea oihartzun handia ari da edukitzen.

Jende asko animatzen da antolatzen ditugun ekintzetara eta interes handia ikusten da horietan. Gustura gaude elkartea edukitzen ari den oihartzunarekin. Horiek antolatzeko, ordea, aldundiarekin nahiz hainbat erakunde batzuekin arrastaka ibiltzen gara. Eurei ez die guk antolatutako ekintzek ezertan eragiten eta asko kostatzen zaigu euren laguntza lortzea, ez baitzaizkie gure ekitaldiak askorik interesatzen. Askotan, egun osoan zehar alde batetik bestera ibiltzen gara, eta eguna amaitzerako ezezkoa jasotzen dugu. Halakoetan, nire galdera da: Ezin al digute ezezkoa telefonoz eman?

Zein proiektu dituzue etorkizunera begira?

Pentsioen sistema orokorretik atera ez gaitzaten lortzea da gure helburu nagusia. Horietatik ateraz gero, eskubide asko galduko genituzke. Beraz, hori ez gertatzearen aurka gogor borrokatu behar dugu. Gure egunerokotasunean umezurtzek garrantzi handia daukate. Horiek umezurtzen pentsioak eduki ditzaten ere borrokatuko dugu.

Urte batzuetara nolako egoera ikusten duzu?

Beti egongo dira aldaketak, baina gizon-emakumeen arteko desberdintasunek antzera jarraituko dutela iruditzen zait. Nik gazte deitzen diedan emakumeen, 40 urtetik beherakoek, lan merkatuan sartzeko arazo itzelak dituzte. Ikasketa berdinak dituzten anai-arreba batzuk ezagutzen ditut; gizonezkoak ez du arazorik eduki lana aurkitzerakoan, eta emakumeak, aldiz, bai. Gizonezkoari galdera pertsonalik ez diote egin eta emakumeari, berriz, ugari (familiarik ba al duen, haurrik ba al duen edo izateko asmorik ba al duen...). Emakumeak etxean nahiz familian egiten dituen lanek pentsioetan eragin beharko lukete. Hori, ordea, ia ezinezkoa izango dela iruditzen zait.