Wifia doan?

Aitor Unanue Albizuri 2015ko aza. 10a, 09:52

Gurea bezalako herri txiki batean, iparralderantz, itsasoaren bestaldean eta kostaldetik kilometro gutxira, bada herri mailako egunkari bat. Bertan, herritarren iritziak jasotzen diren atalean eman zuen argitara Margaret andereak honako idatzia: "Nire kezka azaldu nahi nuke gorantz doan erradiazio elektromagnetikoaren mailagatik, guztiok bere eraginpean jartzen baikara inolako bermerik gabe segurtasunari dagokionez".

Gure etxe barruan edo leku publiko gehienetan espero dugu Wifi-a aurkitzea, eta onartzen dugu,  kontuan hartu gabe gero eta jende gehiago dela energia mota horiei sentibera. 2011n Osasunaren Mundu Erakundeak irrati frekuentziazko eremu elektromagnetikoak 2B mailako minbizia eragile gisa sailkatu zituen. Galdetu nahi nioke Osasunaren Babeserako Agentziari, zergatik ez duen jendea teknologia horiek dituzten benetako arriskuez ohartarazten, kontu handiz erabiltzea gomendatuz?

Nire kezkarik handiena haurrengan dago, batik-bat lehen urteetan. Hainbat familiatan erabiltzen dira ordenagailu finko naiz eramangarriak, tabletak, mugikorrak eta abar etxean, eta Wifi-aren bitartez konektatzen dira. Gainera teknologia horiek normaltzat ditugu Ingalaterrako eskola gehienetan; beraz, haur horiek erradiazio elektromagnetikoen eraginpean daude eskola egun guztietan ere. Guraso askok, irakasleek eta agintariek badirudi ez dakitela ezer, ikasleek eta langileek pairatzen duten benetako arriskuaz. Ingurune horretan energia horien eraginpean haurrak gaixo jar daitezke. Hainbat sintoma ager daitezke bere eraginez. Horien artean daude buruko minak, botagureak, zorabioak, tarte laburreko memoria galtzeak, buruko nahasmenak, minak, lo galtzeak, suminkortasuna, digestio arazoak eta arritmiak.

Eskoletako arduradunek ikasleak eta langileak babesteko betebeharra dute, eta printzipio hori kontuan ez dela hartzen ematen du, hezkuntzarako puntako teknologiak eskuratzeko orduan, aintzat hartu gabe teknologiek osasunerako arriskuak izan ditzaketela. Gai horren inguruko informazio gehiago nahi duenak, Safe Schools Information Technology Alliance-n webgunea bisitatu besterik ez du.