Mintzaneteko bidelaguna eta bidelaria aurrez aurre Azpeitian

Uztarria.eus 2015ko aza. 9a, 18:39

Urte hasieratik dira Mintzaneteko partaide Mila Altuna eta Gorka Fernandez. Altuna San Martin egoitzan bizi da eta 85 urte ditu. Fernandez, berriz, Sevillan bizi den 37 urteko barakaldarra da. Mintzanet egitasmoak euskaldunak (bidelagunak) eta euskaraz ikasten ari direnak (bidelariak) Internet bidez harremanetan jartzeko balio du. Horrela, Altuna bidelagunak eta Fernandez bidelariak Interneteko aplikazio horren bidez bi astean behin hitz egiten dute.

Joan den asteburuan, Fernandez Euskal Herrira zetorrela eta, Azpeitian izan da Altuna aurrez aurre ezagutzen. Biek esperientzia "oso positiboa" izan dela azpimarratu dute. "Geroz eta hobeto hitz egiten du Gorkak", esan du Altunak. Fernandezek, berriz, geroz eta jariotasun gehiago duela gehitu du.

Mila Altuna ez da Euskal Herrian adinekoen egoitzetan bizi den Mintzaneteko parte-hartzaile bakarra, baina bai aitzindaria. Hain zuzen ere, Azpeitiko San Martin egoitzakoak izan ziren Mintzaneten parte hartzen hasi ziren lehen egoiliarrak. Altuna bera eta Rocio Korta dira zeregin horretan ari diren biak. Gaur egun, berriz, guztira adinekoen egoitzetan bizi diren 30 lagun aritzen dira Mintzaneten, egitasmoaren arduradunek azaldu dutenez.

(Argazkia: San Martin egoitza)