'Gure inguruari begirada bat' lehiaketarako argazkiak ostegun honetarako bidali behar dira

Uztarria.eus 2015ko aza. 9a, 17:41
“Gure inguruari begirada bat” lehiaketaren aurtengo kartela

'Elikadura jasangarria (elikadura eta ingurumena)' da aurtengo gaia, eta "elikadurak eta ingurumenak duten harreman estua ezagutaraztea" izango da txapelketaren xedea. Hiru kategoriatan banatuko da lehiaketa: bertako produktuen azoka eta feriak; elikadura eta festak (produktuak, txapelketak, sagardo festa, txekorra, bazkari herrikoia...); eta, elikagaien ekoizpen guneak.

Azpeitiko Udalak, Agenda 21 programaren barruan, Gure inguruari begirada bat lehiaketaren XIV. edizioa antolatu du, Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Lagun Onak Mendi Bazkunaren laguntzarekin. 'Elikadura jasangarria (elikadura eta ingurumena)' da txapelketako gaia, eta "elikadurak eta ingurumenak duten harreman estua ezagutaraztea" izango da lehiaketaren helburua. Argazkiak datorren osteguna, hilaren 12a, baino lehen bidali behar dira Udaleko Ingurumen sailera. 

Hiru arlo landu daitezke lehiaketaren baitan:

  • Bertako produktuen azokak eta feriak.

  • Elikadura eta festak (produktuak, txapelketak, sagardo festa, txekorra, bazkari herrikoia...).

  • Elikagaien ekoizpen guneak.

Honakoa da argazkiak bidaltzeko prozedura:

  • Egile bakoitzak gehienez bederatzi argazki aurkez ditzake, hiru kategoria bakoitzetik. Formatu digitalean (CD batean grabatuta), 300mm x 200mm eta 300 dpi-etara, JPEG formatuan.

  • Egile berak aurkeztutako argazki bakoitzak kode bat izango du: lehenik, argazkia zein kategoriari dagokion zenbakia, ondoren gidoi baxu bat; segidan egileak aukeratutako lema eta ondoren beste gidoi baxu bat eta azkenik bere argazki zenbakia. Adibidez: (1 )_LEMA_ (2 ).jpg. (1): Kategoria. 1, 2 edo 3 (digito bakarra). LEMA: Egileak aukeratutako hitza, argazki guztietan berdina izango da. (2): Argazkiaren zenbakia, bi digito erabiliz (01,02,03...). Azaldutako moduan identifikatuta ez daudenak ez dira ontzat hartuko.

  • CD-a kartazal itxi batean sartuko da eta honekin batera, aparteko orri batean, egilearen izen-deiturak, harremanetarako telefonoa, NAN zenbakia, helbide postala eta helbide elektronikoa eta aukeratutako lema. Gainera, ezinbestean adierazi beharko da aurkezten dituen lanen zerrenda bakoitzaren kodearekin, kategoria eta argazki atera den tokiaren aipamena. Kartazalean, kanpotik, argazkilariak aukeratu duen lelo edo lema jarriko du argi eta garbi (hitz bakarra aukeratzea eskatzen da).

  • Helbide honetara bidali behar da guztia: Ingurumen Saila: Gure inguruari begirada bat argazki lehiaketa. Plaza Nagusia 5, 20730, Azpeitia.

Lehiaketako irabazleen izenak azaroaren 18an argitaratuko ditu Azpeitiko Udalak, eta azaroaren 27an egingo dute sari-banaketa. Sariak banatzerako garaian, honako irizpideak izango ditu kontuan epaimahaiak: gaiarekin duen lotura, originaltasuna, kalitatea eta gaurkotasuna.

Aipatutako esparru bakoitzean hiruna sari emango ditu Udalak. Horrenbestez, bederatzi sari banatuko dira, 100 eurokoak. Pertsona bakoitzak bederatzi argazki aurkez ditzake, gehienez; eta sari bakarra jasotzeko aukera izango du.