Beñat Lizaso Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerdietan izango da

Uztarria.eus 2015ko aza. 8a, 21:34
Eskoriatzako saioko irudi bat. (Bertsozale.eus)

Gaur, igandea, Eskoriatzan jokatutako saioan lortutako puntuei esker izango da azpeitiarra finalerdietan. Jokin Uranga, berriz, txapelketatik kanpo gelditu da gaurko saioaren ostean. Guztira 18 bertsolari sailkatu dira hurrengo fasera. Lizasok Tolosako finalerdietako saioan abestuko du azaroaren 29an.

Gaur, igandea, jokatu da Eskoriatzan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako laugarren final laurdenetako saioa. Beñat Lizaso, Manu Goiogana, Mikel Artola, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Unai Mendizabal aritu dira bertsotan, eta Agirre nagusitu da, 497,5 puntu batuta. Haren ostean sailkatu da Lizaso, 485,5 punturekin. Jasotako puntuei esker, txapelketaren hurrengo fasean, finalerdietan, izango da bertsolari azpeitiarra.

Honakoa izan da Eskoriatzako saioko puntuazioa:

  • Unai Agirre 497,5 puntu
  • Beñat Lizaso 485,5 puntu
  • Oihana Iguaran 484 puntu
  • Miker Artola 480 puntu
  • Unai Mendizabal 480 puntu
  • Manu Goioaga 450 puntu

Beñat Zamalloa Berria egunkariko kazetariak Eskoriatzako saioaren kronika egin du, eta hark azaldu duenez, Beñat Lizasoren kartzelako lana izan da berezienetakoa: "'Ahalegina egiten duzun arren, sekula ez dago konforme egiten duzunarekin', izan dute kartzelako gaia. Lizasorena izan da lan berezienetako bat. 'Barkatu aita, baina nerekin / exijenteegia zera', bukatu du bigarren bertsoa, eta gero honela bertsoaldia: 'Eta badakit gorengo mailan / ez dudala bukatuko / beti saiatu izan naizela / hori ez det ukatuko. / Bertso-eskolan sarriasko zeu / izan zerala lekuko / ez naiz goraino iritsiko, nahiz / hori ez duzun gustuko / nik horrenbeste egin dezaket / onartu zazu ta punto'".

Gaurko saio erabakiorra izan da hurrengo fasean zein 18 bertsolari ariko diren erabakitzeko eta puntuazioak tarteko, Jokin Uranga txapelketatik kanpo gelditu da, behar adina puntu ez dituelako batu. Izan ere, joan den urriaren 31n abestu zuen Urangak Zestoan, eta laugarren sailkatu zen, 475 punturekin. 

Honakoak dira hurrego fasean izango diren bertsolariak:

  • Beñat Gaztelumendi (Zuzenean, final laurdenetako saioa irabazita)
  • Agin Laburu (Zuzenean, final laurdenetako saioa irabazita)
  • Nahikari Gabilondo (Zuzenean, final laurdenetako saioa irabazita)
  • Ander Lizarralde (Zuzenean, final laurdenetako saioa irabazita)             
  • Unai Agirre (Zuzenean, final laurdenetako saioa irabazita)
  • Iñaki Gurrutxaga  
  • Felix Zubia 
  • Iñaki Apalategi 
  • Alaia Martin 
  • Beñat Iguaran 
  • Nerea Elustondo 
  • Arkaitz Oiartzabal Xamoa
  • Jon Maia 
  • Beñat Lizaso
  • Jon Martin Etxebeste 
  • Unai Gaztelumendi
  • Oihana Iguaran 
  • Mikel Artola

Asteburu bateko atsedenaren ostean, finalerdietako hiru saio jokatuko dira; azaroaren 22an Zarautzen, azaroaren 29an Tolosan eta abenduaren 6an Eibarren. Finala, berriz, abenduaren 19an izango da, Donostiako Ilunben. Beñat Lizasok Tolosako finalerdian abestu beharko du, Beñat Gaztelumendirekin, Iñaki Apalategirekin, Nerea Elustondorekin, Oiahan Iguaranekin eta Unai Agirrerekin batera. Hilaren 29an, igandez, izango da saioa Tolosako Usabal kiroldegian, 17:30ean hasita.

Saiootarako eta finalerako sarrerak salgai daude jada Interneten. Finalerako sarrerak Sanagustin kulturgunean ere eskura daitezke.