Azpeitiko Udaleko bi alderdiek elkarretaratzea deitu dute Memoriaren Egunerako

Uztarria.eus 2015ko aza. 6a, 15:28
Aitor Gorrotxategi, Estitxu Elduaien eta Eneko Etxeberria udaletxeko azpiko plaren aurrean.

Datorren asteartean, Memoriaren Egunean, 15 minutuko elkarretaratzea izango da plazan, 19:00etan hasita, Azpeitiko Udaleko bi talde politikoek (EH Bilduk eta EAJk) deituta. Gainera, 18:30ean ezohiko udalbatzarra egingo dute bi alderdietako zinegotziek, Memoriaren Egunaren baitako adierazpen instituzionala onartzeko.

Datorren asteartean Memoriaren Eguna dela eta, elkarretaratzea deitzeko bat egin dute Azpeitiko Udaleko bi alderdiek. Udaleko bozeramaileen batzordeko kide Eneko Etxeberria alkateak (EH Bildu), Estitxu Elduaienek (EH Bildu) eta Aitor Gorrotxategik (EAJ) jakinarazi dutenez, asteartean, 19:00etan izango da elkarretaratzea, plazan. Hamabost minutuko elkarretaratze isila egingo dute, eta herritarrei dei egin diete bertan parte har dezaten. "Uste dugu Oroimenaren Eguna garrantzitsua dela guztiontzat, eta pauso inportantea izango da Azpeitiko elkarbizitzan aurrera egiten jarraitzeko", azaldu du Etxeberriak.

Bestalde, 18:30ean ezohiko udalbatzarra egingo dute Memoriaren Egunari erreferentzia egingo dion testu bateratu instituzionala onartzeko. Etxeberriak azaldu duenez, "azken legealdian pausoak" eman dituzte bizikidetzari dagokionez, eta horren bidetik etorri da Memoriaren Egunaren harira bi alderdiek lotu duten akordioa: "Egia eta errekonozimendu eskubidea pixkanaka aitortzen saiatu gara, eta beste pauso bat genuen emateko Udala osatzen dugun taldeok; oroimenaren aldeko pausoa. Gainera, euskal instituzioetatik, batez ere Lehendakaritzatik, deialdi bat jaso dugu, egun hori denok batera ospatzeko eskatuz, eta horri ere erantzun nahi diogu". Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaileak ere bide beretik hitz egin, eta "gauzek normaltzen" joan behar dutela erantsi du: "Normalizazio prozesuaren barruan tokatzen zen beste pauso bat ematea".