Hainbat baserri-bide asfaltatu eta txukundu ditu Udalak

Uztarria.eus 2015ko aza. 6a, 13:10

Udalak Azpeitiko hainbat baserri-bide asfaltatu eta txukundu ditu, "landa eremua indartzeko asmoz". Izarraitz auzoan, Murgil-Atxumarriaga bidean, Eizagirre auzoan, Odria auzoan, Oñederra eta Bikendi baserrietako bidean egin ditu lanak Udalak. Bideak asfaltatzeaz gain, baserrietara igotzeko maldak ere garbitu dituzte eta txukunketa lanek 320.000 euroko aurrekontua izan dute.

Azpeitiko Udal Gobernuak jakinarazi du, helburua "landa eremuan bizi diren herritarren bizi kalitatea hobetzea" dela. "Azpeitian, guztira, 100 kilometro baino gehiago daude pabimentatuta baserri bideetan eta bide horiek egoera onean mantentzeko urtero 200.000 euro inguru bideratzen ditu Udalak. Aurten, ahalegin berezia eginez, 300.000 eurotik gorako inbertsioa egingo du Azpeitiko Udalak baserri bideetan. Gainera, urte honen amaieran 2016an zehar egingo diren egokitze lanetarako diru laguntzak eskatuko ditu", azaldu dute.