'Zu gabe' antzezlana ikusi ahal izango da gaur, udaletxeko ganbaran

Uztarria.eus 2015ko aza. 5a, 11:39

XXXIII. Euskal Antzerki Topaketen baitan, emanaldi berezia izango da gaur, osteguna, udaletxeko ganbaran. Atea Teatroaren emanaldia 21:00etan hasiko da. Horrez gain, beste hiru antzezlan ere ikusi ahalko dira asteburuan, Soreasu antzokian.

XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak bigarren asteburura iritsi dira. Izan ere, aste honetan lau emanaldi izango dira topaketen baitan, gaur, osteguna, hasita. Saio berezia izango da gaur udaletxeko ganbaran, 21:00etan hasita. Atea Teatroaren Zu gabe obra izango da ikusgai, eta 20:00etan jarriko dituzte sarrerak salgai, udaletxeko sarreran.

Bestalde, ostiralean, zapatuan eta igandean ere emanaldi bana izango da. Bihar, ostirala, Huts Teatroa-Artedrama taldearen Etxekoak lana ikusteko aukera izango da, 21:30etik aurrera. Zapatuan, berriz, Eskutitzak obra estreinatuko da, 21:30ean hasita. Antzezlana 1936ko Gerra Zibila lehertu aurreko Azpeitian eta Azkoitian oinarritzen da. Asteburuko azken emanaldia igandean izango da, era Moby Dick eleberri ospetsuaren egokitzapenaz gozatu ahalko da, 18:00etatik aurrera. 

Hiru antzezlan horiek Soreasu antzokian izango dira, eta emanaldiak hasi baino ordubete lehenago zabalduko dute leihatila. Helduek bost euro eta 14 urte bitartekoek 3 euro ordaindu beharko dute sarrerako.