Patxi Isasmendik Gipuzkoako Xake Txapelketan mailaz igotzea lortu du

Uztarria.eus 2015ko aza. 4a, 19:14
Patxi Isasmendi, partida batean

Hirugarren mailako txapelketan hirugarren sailkatu da azpeitiarra eta, horrenbestez, datorren denboraldian bigarren mailan aritzeko txartela eskuratu du.

Gipuzkoako Xake Txapelketan dabiltzan azpeitiarrak bigarren eta hirugarren mailan ari dira lehiatzen. Bigarren mailan Eneko Alberdi dago. Azken jardunaldian, bost puntutik puntu bat eta erdi lortu ditu eta 13. postuan dago sailkapen orokorrean. Datorren zapatuan Ruben Sebastianiren aurka jokatuko du, Gros Xake taldeko egoitzan, 16.00etan. 

Hirugarren mailan lau azpeitiar aritu dira lehiatzen: Patxi Isasmendi, Aitor Elustondo, Danil Veselinov eta Iñaki Uranga. Joan den asteburuan jokatu zuten maila honetako bosgarren eta azken jardunaldia izan zena. Isasmendik hiru puntu eta erdi lortu zituen eta txapelketaren sailkapeneko hirugarren postuan gelditu zen; Elustondok bi puntu lortu zituen eta bederatzigarrena izan da txapelketan; Veselinov-ek puntu eta erdi lortu zituen eta hamargarren postuan bukatu du txapelketa; eta, azkenik, Urangak azkeneko jardunaldian puntu bat lortu eta hamabigarrena izan da sailkapen orokorrean.

Azken jardunaldiko emaitzaren ondoren eta sailkapeneko hirugarren postu horri esker, Isasmendik bigarren mailara igotzea lortu du.