'Eskutitzak' antzezlaneko jantziak egin ditu Xanti Alkortak

Uztarria.eus 2015ko aza. 4a, 11:38

Xanti Alkorta (Azpeitia, 1989) jantzigileak egin ditu zapatuan estreinatuko den Eskutitzak antzezlaneko jantziak. XXXIII. Euskal Antzerki Topaketen baitan, azaroaren 7an, zapatua, izango da obraren estreinaldia 21:30ean hasita, Soreasu antzokian. Itziar Eliasek idatzitako obra da, eta bere aiton-amonen arteko maitasun istorioan oinarritzen da obra.

Itziar Eliasek azaldu duenez, Xantiren berri Uztarriaren bidez izan zuen. Izan ere, 2014ko abenduko aldizkarian modaren inguruko erreportajea kaleratu zuen Uztarriak, eta erreportajeko bost protagonistetako bat zen Alkorta. Jantzigile azpeitiarrak erreportaje hartan zion bere ametsa "film edo antzerki talderen bateko arropak diseinatzea" zela. Eliasek hori irakurtzean erabaki zuen Alkortarekin harremanetan jartzea.