Zestoarrek estreinatu dituzte Azpeitiko XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak

Urola Kostako Hitza 2015ko aza. 3a, 09:32

Lukurreria, lizunkeria eta heriotzaren erratula antzezlanak ireki ditu Azpeitiko XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak. Ostiralean izan zen lehen obra, eta Zestoako Interpretazio Eskolatik sortutako Eromen produkzioak taldeak Soreasu antzokia bete zuen. Eskualdeko aktore ugarik parte hartu zuten antzezlanean, Amancay Gaztañaga zuzendariaren gidaritzan.

Hasiera ona izan dute, beraz, topaketek. Larunbatean eta igandean ere antzerkiak lekua izan du Azpeitian. Larunbatean, Itsasoari negar lana eskaini zuten, Ze Onda taldearena. Igandean, berriz, Antzerki Eskolen Eguna ospatu zuten, eta arratsaldean Markeliñe taldearen Kixote antzezlana izan zen ikusgai Soreasu antzokian.

 

Argazki gehiago, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Hemen, datozen asteetan topaketen baitan izango diren obren 

Azaroak 5, osteguna:

21:00etan Zu gabe Atea teatroaren emanaldia, udaletxeko ganbaran. 

Azaroak 6, ostirala:

21:30ean Huts Teatroaren eta Artedrama taldearen Etxekoak obra, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako omenaldia izango da.

Azaroak 7, zapatua:

21:30ean Izar Films eta Itzel Antzerkia Eskutitzak emanaldia, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako emanaldia izango da.

Azaroak 8, igandea:

18:00etan Gorakada teatroaren Moby Dick emanaldia, Soreasu antzokian. Haur eta helduei zuzendutako emanaldia izango da.

Azaroak 9, 10, 11 eta 12:

Eskola ikasleei edo gaztetxoei zuzendutako antzerki emanaldiak, Soreasu antzokian.

Azaroak 13, ostirala:

21:30ean Borobil teatroaren Jokoz kanpo lana, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako emanaldia izango da.

Azaroak 14, zapatua:

21:30ean Azpeitiko Emakumeen Tailerraren Punto ta Punto antzezlana, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako emanaldia izango da.

Azaroak 15, igandea:

18:00etan Txalo antzerki taldearen Magia Lapurra obra, Soreasu antzokian. Haur eta helduei zuzendutako emanaldia izango da.

Azaroak 19 eta 20, osteguna eta ostirala, Antzerki ziklo berezia:

Azaroaren 19an, 21:30ean, Oh My God! elkarte artistikoaren Zer duzu Amy! emanaldia izango da, Gaztetxean. Aurretik, 20:00etatik 21:15era jantoki begetarianoa izango da bertan.

Azaroaren 20an, 21:30ean, Lauka teatroaren Amodioaren ziega lana izango da Gaztetxean. Aurretik, 20:00etatik 21:15era jantoki begetarianoa izango da bertan.

Azaroak 21, zapatua: 

21:30ean Mozkorra parregarri Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondearen opera komikoa, Soreasu antzokian. Helduei zuzendutako obra izango da.