Kiroldegiko harrera zerbitzua berreskuratu du Udalak

Uztarria.eus 2015ko aza. 3a, 11:43

Azpeitiko Udalak kirol instalazioen berregituraketa egin zuen uda aurretik. Aldaketa horiek tarteko, igerilekuan eskaintzen dituzte aisiari lotutako kirol zerbitzu gehienak, eta kiroldegia federatutako kiroletarako dago prestatuta. Hori dela eta, kiroldegiko harrera eta zaintza zerbitzua deuseztatu zituen Udalak, horiek kiroldegiko tabernatik bideratuz. Udalak jakinarazi duenez, "sistema horrek ez duela behar bezala funtzionatzen" ikusi dute, eta zerbitzu horiek berreskuratzea erabaki du erakundeak. Hala, kiroldegiko harreran pertsona bat izango da lanean aurrerantzean.

Harrera zerbitzua berreskuratzeaz gain, kiroldegiko ordutegia ere zabaldu egingo dute. Horrenbestez, astegunetan 15:00etatik 21:00etara, eta zapatu eta igandeetan 11:00etatik 20:00etara izango da zabalik.

Kiroldegia orokorrean herriko kirol taldeei zuzenduta badago ere, norbanakoentzat zerbitzuak ere eskaintzen dituzte. Hala nola, tenis zein padel pistak, squasherako gunea, eskalatzeko boulderra eta ping-pong mahaiak. 

Kirol Patronatuko bazkideek zerbitzu horiek dohanik erabili ahal izango dituzte, eta baita aldagelak eta dutxak ere. Bazkide ez direnek, berriz, zerbitzu bakoitzari dagokion kuota ordaindu beharko dute. Zerbitzuen kudeaketa eta zaintza guztia, harrerako pertsona berriaren bidez egin beharko da aurrerantzean. Informazio gehiagorako, 943 81 30 69 telefonora deitu behar da.