Manzisidor aita-semeak gustura, Frankfurteko Maratoian lortutako emaitzekin

Uztarria.eus 2015ko aza. 2a, 19:31
Manzisidor aita-semeak Frankfurteko aurtengo maratoiaren irteeran.

Iosu Manzisidor (Azpeitia, 1960) eta Xabat Manzisidor (Azpeitia, 1985) aita-seme azpeitiarrak Frankfurteko Maratoian hartu dute parte. Xabat 64. sailkatu zen eta espainiar estatuko lehenengo korrikalaria izan zen. Iosu, berriz, bere kategorian bosgarren gelditu zen eta 55 urtetik gorakoen Gipuzkoako errekorra hautsi zuen. Semearen denbora 02:26:26 izan zen eta aitarena, berriz, 02:48:26. Uztarria.eus-ek biekin hitz egin du eta lortutako emaitzekin "oso gustura" daudela azaldu dute.

Zer moduzko esperientzia izan da Frankfurteko maratoikoa?

Iosu Manzisidor: Oso esperientzia polita izan da. Ospe ona zuela eta, animatu egin ginen, eta ez gara damutzen. Oso maratoi berezia izan da guretzat. 

Xabat Manzisidor: Maratoiko puntu denetan jendea zegoen animatzen, musika ere maratoi osoan zegoen… Giro aparta sortu zen eta horrek indarrak eman zizkigun. Hala ere, esan beharra dago, hiria eta bertako janaria ez zitzaizkigula gustatu, ezta maratoiko irteera ere.

Nolatan sortu zitzaizuen bertan parte hartzeko ideia?

I.M: Duela urtebete bazkari batean otu zitzaigun Frankfurteko maratoira joateko ideia. Donostiakoa begiak itxita ere egiten genuela eta zerbait berria egitera animatu ginen.

X.M: Berlinen irten nahi genuen, baina dortsalak amaitu zitzaizkigun. Beraz, Frankfurtekoan eman genuen izena. Abuztu guztian korrika ibili behar izan dugu, baina merezi izan du.

Maratoi gehiago egin dituzue. Zer du berezia Frankfurtekoak?

I.M: Nik 13. maratoia izan dut. Bederatzi aldiz egin dut Donostiakoa, Laredokoa behin, beste baten Italian…

X.M: Nik ordura arte Donostiakoa bakarrik nuen egina, lau aldiz. Frankfurteko zirkuitua lau-laua da. Horrek egiten du berezi niretzat. Horrez gain, eguraldi ona ziurtatuta genuen. 12 bat gradu egin zizkigun, haizerik ez zegoen… eguraldi paregabea egiten zuen.

Zein helbururekin joan zineten? Lortu al duzue?

I.M: Maratoia bukatzeko ideiarekin eta hiru ordutik jaisteko helburuarekin joan nintzen ni. Bi helburuak lortu ditut. 02:48:26an amaitu nuen eta oso gustura nago.

X.M: Nik azkeneko maratoiko emaitzatik jaistea nahi nuen, Donostiakotik hain zuzen, eta lortu nuen. Bi ordu eta 28 minutuan egin nuen Donostiakoa eta azkeneko hau, Frankfurtekoa, 02:26:26an. Bi minutu jaitsi ditut eta oso gustura nago lortu dudanarekin.

Irteera ez zitzaizuela gustatu aipatu duzue…

I.M: Lasterketaren irteera izan zen maratoiko etaparik okerrena. Hasiera samarrean jarri ginen eta inguruan jende gehiegi jarri zitzaigun. Enbarazu egiten zigun jendeak. Niri lau bat kilometro kostatu zitzaidan taldea osatzea.

X.M: Maratoia batera hasi genuen, baina nahiko azkar banandu ginen. Jakin izan bagenu, atzerago jarriko ginen, sorry, sorry esanez jardun baikenuen maratoiko lehen kilometroetan.

Ez da aita-semeak batera irteten zenuten lehen lasterketa izan. Zer moduz moldatzen zarete batera?

X.M: Maratoiak batera eginda gaude eta Behobia-Donostia ere bai pare bat aldiz. Hala ere, geroz eta gutxiago egiten dugu korrika batera. Aitak urduri jartzen nau, baina ondo etortzen zait urduritasun pixkat, ni lasaia bainaiz.

Zein da zuen hurrengo helburua?

I.M: Donostiako maratoi egunean 20 kilometroko lasterketa bat egoten da. Bertan irtengo gara eta gero herriko San Silbestre lasterketan. New Yorken irtetea gustatuko litzaiguke, baina dortsalak lortzea oso zaila da. Hara joateko, gainera, ezin da korrika egitera bakarrik joan, hamar bat egun pasatzera joan beharko genuke, gutxienez.

Zer dauka ona aitarekin/semearekin korrika egiteak? Alde txarrik ba al du?

X.M: Alde ona edozertarako ondoan lagun bat daukazula da. Txarrik ez dauka. Aitak urduri jartzen nau, baina ondo etortzen zait presio pixkat.

I.M: Semea azkeneko egunera arte ez da larritzen. Erraz uzten du kirola eta etapak edukitzen ditu; orain korrika bai, orain ez… Korrika egiteko hainbeste presio ez banio sartuko, utzi egingo luke. Motibatu egiten dut.