Iratxe eta Agosti Aranburu zarauztarrek irabazi dute VI. Kros Mistoa

Uztarria.eus 2015ko urr. 31a, 21:33

Iratxe eta Agosti Aranburu anai-arrebak izan dira bizkorrenak Azpeitiko Herriarteko VI. Kros Mistoan. Zarauzko bikotearen ondoren sailkatu dira Ruben Iniesta sestaoarra eta Maite Arraiza barakaldoarra, eta hirugarren postua Pedro Muñoz eta Jone Zabaleta azkoitiarrentzat izan da. Nerea eta Andoni Etxeberria anai-arrebak seigarren sailkatu dira, eta Azpeitiko lehen bikotea izan dira.

Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako probak parte-hartze ederra izan du, 91 bikotek eman baitute izena. Giro polita sortu da lasterketaren bueltan. Urtero bezala, lasterketa hasi aurretik eta sari banaketan euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko aldarriak izan du bere tartea. Eta proba martxa aurretik, Ikasberri Kirol Elkarteak omenaldia eskaini dio Asier Cuevasi.