Urkome Sarien laugarren edizioa abian da

Uztarria.eus 2015ko urr. 29a, 18:19
Igor Iturain (Urola Kostako udal elkartea), Nekane Arrizabalaga (Aiako alkatea), Ana Eizagirre (Urkome) eta Javier Zubizarreta (Iraurgi Berritzen), aurkezpenean. (BALEIKE.EUS)

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritzeko egitasmora proiektuak aurkezteko epea azaroaren 2an ireki eta 16an amaituko da. Aurten ere sei sari banatuko dituzte, beste horrenbeste ataletan.

Atzo, asteazkena, aurkeztu zituzten Zarautzen IV. Urkome Sariak. Urkomek (Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak) 2009an banatu zituen lehen aldiz sariok. Harrezkero, bi urtez behin antolatzen ditu, eskualdeko garapen agentzien, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritzea da Urkome Sarien xedea. Aurreko edizioetan bezala, sei sari banatuko dituzte. Atal hauetan banatuko dituzte sariak:

  • Nekazaritza jardueraren sustapena.
  • Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena.
  • Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea.
  • Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jartzea.
  • Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak amankomunean emango dutena.
  • Sari Irekia, bozketa bidez emango dena.

Lehen bost ataletan 2.000 euroko sari bana emango dute, eta bozketa bidezkoa irabazten duenak eskualdeko produktu sorta bat jasoko du.

Aurtengo Urkome Sarietara proiektuak aurkezteko epea azaroaren 2an ireki eta 16an amaituko da. Proiektuak Urkomek Azpeitiko Sindikatu Zaharrean duen bulegoan aurkeztu behar dira.

Hona hemen, osorik, Urkome Sarien laugarren edizioko oinarriak (euskaraz eta gaztelaniaz).