Hitzarmena sinatu dute 'Urola Kostako Hitza'-k eta Udalak

Uztarria.eus 2015ko urr. 28a, 12:33

Azpeitiko Udalak eta Urola Kostako Hitza-k eskualdeko hedabidea diruz laguntzeko hitzarmena sinatu dute. Eneko Etxeberria alkateak eta Hitza-ko zuzendari Onintza Letek sinatutako hitzarmenaren helburua eskualdeko hedabideetan euskara bermatzea da. Horretarako, 27.000 euro emango dizkio Udalak Hitza-ri. Etxeberriak azaldu duenez, "Azpeitian eta Urola Erdian oinarrizko hedabide bihurtu da Hitza eta akordioarekin, diru-laguntza emateaz gain, euskararen alde egiten duen lana aitortu nahi da. Bertakotasuna euskaraz jasotzea ahalbideratzen duen komunikabidea da, gertuko kontuak eta herrikoak herritarrei euskaraz jakiteko eta ezagutzeko aukera ematen duena".

Euskarazko Komunikazio Taldeko Bertako Hedabideen eta Urola Kostako eragileen ekimenez gain, herri aldizkarien borondatez eta lanari esker sortu zen Hitza. Sortze prozesuan izan ziren Txaparro (Zarautz), Uztarria (Azpeitia), Baleike (Zumaia), Danbolinzulo (Zestoa) eta Artzape (Getaria), eta hasieratik administrazio kontseiluko partaide ere izan dira.