Josu Urbieta 'Pow'-ren epaiketa salatzeko mobilizazioak deitu dituzte

Uztarria.eus 2015ko urr. 28a, 12:38
Hainbat herritarrek agerraldia eskaini zuten atzo.

Datorren astelehenean, azaroaren 2an, hasiko da Josu Urbieta Pow azpeitiar presoaren aurkako epaiketa Parisen (Frantzia). Epaiketa "testuingu politiko zail eta kezkagarrian" datorrela azaldu dute atzo, asteartea, agerraldia eskaini zuten herritarrek. Hainbat protesta ekimen izango dira datozen egunetan.

Datorren astelehenean, azaroaren 2an, hasiko da Josu Urbieta Pow azpeitiar presoaren aurkako epaiketa Parisen (Frantzia). Beste bost lagunekin batera epaituko dute Urbieta eta bost astez luzatuko da epaiketa. 

Epaiketa "testuingu politiko zail eta kezkagarrian" datorrela azaldu dute atzo, asteartea, agerraldia eskaini zuten herritarrek: "Gatazka politikoaren konponbidea eta Euskal Herriaren bake justua lortzeko aldarrikatzen ari garen gizartearen aurrean, batzuk egin ahalak egiten ari dira prozesuari ekarpena egin eta hori ahalbideratzeko. Besteak, aldiz, gatazka eta sufrimendua luzatzeko etengabeko sabotaje zuzenak egiten eta oztopoak jartzen ari dira".

Horrez gain, Aieteko Nazioarteko Konferentzian proposatutako gatazka politikoaren konponbiderako eta bake justu eta iraunkorra lortzeko bide orriari jarraituz, "ekarpen kualitatiboak, urrats positiboak eta, tamalez, bestelako urratsak ere" egon direla azaldu dute:

  • "ETA erakundeak, Aieteko adierazpena eta hiru egunera, konponbiderako urratsak emateko prestutasuna, konpromisoa eta desioa agertuz, aldebakarreko ekarpen kualitatiboa egiten dio aro politiko berriari, behin betiko armak alde batera utziko dituela adieraziz. Urrats hori izan zen ETA erakundearen prestutasunaren abiapuntua. Gerora, agerikoak izan dira ondorengo urratsak emateko ETA erakundeak izan duen disposizioa, armak zigilatze eta deuseztatzeari dagokionez adibidez.
  • Zentzu berean, eta Euskal Herriko Foro Sozialaren gomendioei erantzunez, Josu Urbieta Pow gure senide eta herri kidea parte den Euskal Preso Politikoen Kolektiboak  hausnarketa egin eta konponbide prozesuari ekarpena egiteko bere posizioa finkatu zuen 2013ko abenduan adierazpen bat kaleratuz.
  • Ipar Euskal Herrira begiratuz, berriz, Aieteko adierazpenaren bide orria jarraituz, ekarpen sakona egin zuten ia sentsibilitate politiko guztietako ordezkariek -Iparraldeko PS, UMP, zentro, abertzale, Berde eta CFDTren ordezkariek-, Baionako Adierazpena sinatuz. Ondoren ekarri zuen aurten bertan Parisko Asanblea Nazionalean egin den Parisko Bake Konferentzia.
  • Baina batzuen etengabeko prestutasun eta nahi horrek eta nazioarteko adituen gomendioek, oztopoz beteriko agenda saboteatzaile batekin topo egiten du. Horrela, gatazkaren konponbidea luzatuz, edo beste era batera esanda, gomendioek zuzenean interpelatzen zituzten bai Estatu espainiarra eta frantziarra ere hain gustura eta komodo sentitzen diren gatazka eta sufrimendua iraun araziz. Horretarako, armagabetzea bururaino eraman nahi duten ETAko kideak ere atxilotuz.
  • Bake justu eta konponbidearen aurkako erasoz josi dute gure agenda; errepresioa, indarkeria, atxiloketak, epaiketak... Josu Urbieta Pow-ren aurkako epaiketa ere testuinguru politiko honetan kokatzen dugu. Espetxeak husten joateko garaia denean, espetxeratzeak edo espetxe aldi luzapenak ematen dira. Sakabanaketarekin amaitzeko eskaria Euskal Herriko ideologi desberdinetako herritarren ahotan dagoenean urruntzeak areagotu egiten dira, mendekuz beteriko espetxe politika kriminala erabiliz.
  • Euskal gizartea, orokorrean, bake justu eta konponbide egarriz dago. Baina bi estatuek egarria asetzeko iturria isteko saiakera etengabeak egin dituzte eta egingo dituzte. Baina euskal herritarren gehiengoak desio eta beharra duen bake justu eta konponbidean indarrak bildu eta jarraitzeko konpromisoak elikatuko du bidea, amaituko du atxiloketekin, horrelako epaiketekin, sufrimenduarekin... Azpeitian Josu eta azpeitiar guztiok bakean eta aske izateko unea iritsi arte ez dugu esperantzarik galduko eta lanean jarraituko dugu. Gatazkaren jatorria politikoa da, beraz konponbide politikoa eskatzen du eta horrelako epaiketek ez dute lekurik norabide horretan.
  • Josuri, bere senideei eta lagunei babesa eta elkartasuna eskaintzearekin batera eta konponbidearen norabidean horrelako eraso gehiagorik ez dugula nahi adieraziz hainbat ekimen antolatu dira datozen asteetako".

Epaiketa dela eta, Urbietari eta haren senideei "babesa eta elkartasuna" adierazteko, eta "konponbidearen norabidean horrelako eraso gehiago ez dugula nahi adieraziz", hainbat egitasmo antolatu dute datozen egun eta asteetarako. Hemen egitaraua osorik:

Azaroak 2, astelehena.

19:00etan elkarretaratzea plazan, epaiketaren lehen eguna delako.

Azaroak 3, asteartea.

Parisera martxa egingo dute, eta izen-ematea zabalik da oraindik ere Orkatzen. 10:30ean, berriz, ikasleek elkarretaratzea egingo dute.

Azaroak 6, ostirala.

19:00etan elkarretaratzea, plazan.

Azaroak 13, ostirala.

19:00etan elkarretaratzea, Izaro tabernaren aurrean, Sanjuandegin.

Azaroak 20, ostirala.

19:00etan elkarretaratzea, anbulatorioan.

Azaroak 27, ostirala.

19:00etan azken ostiraleko ekimenak, plazan.

Abenduak 3, osteguna.

19:00etan elkarretaratzea eta asanblada plazan, sententzia ezagutuko baita egun horretan.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak

- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten. 
- Joseba Segurola. Lannemezan (Frantzia) preso, 269 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Josu Urbieta (Pow). Potiers-Vivonne (Frantzia) preso, 486 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatua

Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.

Iheslaria

- Juan Manuel Bereziartua (Pakea).