Jendetza batu du Gran Prixak zezen-plazan

Uztarria.eus 2015ko urr. 24a, 21:18

Haurrak, gazteak nahiz helduak, denetarik batu ditu gaur, zapatua, arratsaldean zezen-plazan egin den kuadrillen arteko Grand Prix ikuskizunak. 17:00ak pasata hasi da ikuskizuna, eta 16:00etarako ilara luzeak ziren zezen-plazaren atarian. Izan ere, 2.200 lagun izan dira ikuskizunaz gozatzen.

Lau taldetan banatuta, 28 neska-mutilek hartu dute parte lehian, eta talde urdina izan da garailea. Orotara, dozena erdi bat joko egin dituzte; horietako batzuk zezen txikiekin. Behin Grand Prixa bukatutakoan, zezen txikiekin jolasean ibiltzeko aukera izan dute haurrek eta gaztetxoek. Gainera, zozketa egin dute ikuskizuna ari zela, eta 1.007 zenbakiaren jabe Ainhoa Arbelaitzek tablet-a eskuratu du. 

Beste zenbait ekitaldi antolatu ditu Zezen Beltzek astebururako. Gaur eguerdian, esaterako, sokamutur txikia-eta izan dira. Bihar ere izango da zer gozatu Zezen Beltz asteburuaren baitan antolatutako ekitaldiekin.

Hemen, biharko egitaraua:

12:30ean sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txiki eta poniak, plazan. Ordu berean, txahal saiheski eta oilasko erretzea eta dastatzea, plazan, musikaz alaiturik.

Goizean zehar, animalia arraza berezien erakusketa, plazan. Aiako baserri bateko hogei animaliatik gora izango dira. Haien artean, bufaloak, llamak, alpakak, ardi bereziak...

17:00etan zezen bolaztatuak, Artzubia kalean.