Mikel Azkune: "Euskararen alde lan egiteagatik atxilotu gintuzten"

Urola Kostako Hitza 2015ko urr. 23a, 13:18
Mikel Azkune 'Berria' egunkariaren eraikinaren atarian. (A. Belaunzaran)

Mikel Azkune (Azpeitia, 1967) Egunkaria-ko bigarren sarekadan atxilo hartu eta inputatu zuten, Eneko Etxeberria Egunkaria-ren enpresako abokatu eta gaur egungo Azpeitiko alkatearekin batera. Administratzaile kargua zuen Azkunek. Aranzadik eta Azpeitiko Udalak 1960 eta 2014 bitarteko Azpeitiko sufrimenduaren mapa osatu du aurten, eta 97 biktima zenbatu dituzte. Tartean da Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren kasua. Pasa den ostiralean, urriak 16, bete ziren hamabi urte Azkune atxilotu zutela, beste zazpi kiderekin batera. Etxeberria, berriz, hilaren 20an atxilotu zuten. Joan den urtean, urriaren 14an, preskribatutzat jo zuten Egunkaria-ko auzi ekonomikoa.

Hamabi urte igaro dira urriaren 15 hartatik. Besteak beste, Eneko Etxeberria eta biok atxilotu zintuzten. Nola oroitzen duzu guztia?

Urteak pasatzen dira, baina gauza hauek ez dira ahazten. Nire bizitzako une gogorrenak izan ziren. Hala ere, denborak laguntzen dizu esperientzia hauek arintzen. Asteazken gau batean atxilotu ninduten. 01:30ak inguruan sartu ziren guardia zibilak etxera, Errenterian (Gipuzkoa). ETAko kide bezala atxilotu ninduten: ba al dakizu zer den hori familiarentzat, zuretzat? Urtebeteko eta 2 urteko umeak nituen. Zorionez, oso txikiak ziren gertatutakoaz kontziente izateko. Bost egun igaro nituen atxilotuta, eta gogoan dut euforiko irten nintzela handik. Izan ere, neure burua kartzelan ikusten nuen.

Atxilotu ostean, inkomunikatuta izan zintuzten bost egunez.

Atxilotu gintuztenean, aurrekari bat genuen: Egunkaria-ko lehen sarekada. Horrek benetan beldurtzen ninduen. Martxelo Otamendi, Juan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi tratatu zituzten bezala tratatu eta gero, zer egingo ote zidaten niri, izenik ez zuen gazte bati? Kalabozo banatan egon ginen, eta hiru galdeketa egin zizkidaten. Denboraren nozioa guztiz galdu nuen, ez nekien eguna edo gaua zen, noiz egin behar nuen lo edo noiz iratzartu. Han pasatutako bost egunetan indarrik gabe, nekatuta eta urduri egon nintzen, uneoro. Baina nik ez nuen torturarik pairatu.

Zer egozten zizuten galdeketetan?

Atxiloketaren arrazoiak ez zuen inongo logikarik eta justifikaziorik. Sare komertzialeko arduraduna nintzen Ardatz komunikazio taldean, Egunkaria-ren barruan. Administratzaile hautatu ninduten, epe baterako. Hala ere, ni komertzioaz arduratzen nintzen, beraz, ez nuen informazio gehiegi diru mugimenduez. BEZaren inguruan galdetu zidaten, batetik; eta nor ezagutzen nuen eta nor ez jakin nahi zuten, bestetik. Nik garbi esan nien nola aukeratu ninduten administratzaile, eta zein zen nik nuen informazioa. Galdera askoren erantzunik ez nuen. Agian, pentsatuko zuten ez niela ezer kontatu nahi, eta gezurretan ari nintzela: horrek sortzen zidan beldurra.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.