Azpeitiarrak Banakako Gipuzkoako Xake Txapelketan

Uztarria.eus 2015ko urr. 16a, 18:30
Gipuzkoako Xake Txapelketan murgilduta xaputarrak (XAPUTARRAK)

Xaputarrak taldeko bost kide ari dira parte hartzen. Bi mailatan daude banatuta herritarrak: batetik, bigarren mailan, Eneko Alberdi; bestetik, hirugarren mailan, Patxi Isasmendi, Aitor Elustondo, Iñaki Uranga eta Daniel Veselinov.

Hasi da Banakako Gipuzkoako Txapelketa eta dagoeneko bi jardunaldi jokatu dituzte. Bigarren maila eta absolutuko jokalariak Donostian ari dira jokatzen eta hirugarren mailakoak, aldiz, Azkoitian eta Donostian. Bost azpeitiar aurkeztu dira txapelketara eta bi mailetan daude banatuta. Batetik, Eneko Alberdi bigarren mailan ari da lehiatzen; jokatu dituen bi jardunaldietan 1,5 puntu lortu ditu. Bestetik, Patxi Isasmendi, Aitor Elustondo, Iñaki Uranga eta Daniel Veselinov dira hirugarren mailan ari direnak. Horietatik, orain arte emaitza onenak Isasmendik ditu, bi partida irabazi baititu. Beste hiru azpeitiarrak puntu banarekin daude.  

Hirugarren jardunaldia larunbat honetan jokatuko dute. Alberdik Iker Arri hondarribiarra izango du aurkari, Isasmendik Lander Agirregomezkorta elgoibartarra, Elustondok Faustino Miralles getariarra, Urangak Xabier Prado elgoibartarra eta Veselinovek, azkenik, Ivan Fernandez elgoibartarra.