78 gidari izango dira lehian igandeko Urrakiko Igoeran

Uztarria.eus 2015ko urr. 15a, 19:33
Lagun-Arteako kideak, udalekoak, babesleak eta gidariak, aurkezpeneako plazara eraman zituzten kotxeen aurrean.

Errepidea 08:00etan itxiko dute eta entrenamendu manga 10:00etan hasiko da; jarraian etorriko dira erlojupeko biak. Zapatuan, berriz, 15:00etatik 20:00etara Epaitegietako plazan egongo dira lasterketan parte hartuko duten ibilgailuak, egiaztapenetarako.

Igandean, urriak 18, jokatuko da XXXIII. Urrakiko Igoera. Lagun-Artea Eskuderiak antolatutako lasterketarekin amaituko da aurtengo automobilismoko Euskal Herriko Mendi Txapelketa. Eta txapelketa erabakita dagoen arren, Urrakiko klasikoak "parte-hartze ikusgarria" izango duelako gustura agertu ziren antolatzaileak atzo, asteazkena, aurkezpeneko prentsaurrekoan.

Txapelduna, Aitor Zabaleta, ez da Azpeitira etorriko, baina 78 gidarik eman dute iganderako izena. Tartean dira monoplazetan garaipena lortzeko faboritoen artean dauden Joseba Iraola, Arkaitz Ordoki -iazko irabazlea- eta Markel Cestafe. Turismoetan, berriz, Iban Tarsicio, Gorka Eizmendi eta Joxe Labaka azpeitiarra ibiliko dira lehian, besteak beste. Labakarekin batera etxeko beste zazpi gidarik hartuko dute parte aurten Urrakiko Igoeran: Ibon Otaegik, Julen Etxeberriak, Xabier Belokik, Jon Arregik, Gari Zubizarretak, Ekain Otaegik eta Aritz Uzkudunek.

Igandean, Urrakiko errepidea 08:00etan itxiko dute eta entrenamendu manga 10:00etan hasiko da; jarraian etorriko dira erlojupeko biak. Lasterketaren ibilbideko 6,7 kilometroetan ibilgailurik ezingo dela aparkatu gogorarazi zuten atzo antolatzaileek, eta bezperatik kanpatzea ere debekatuta egongo da.

Kotxezaleen festa, ordea, zapatuan hasiko da. Egun horretan, 15:00etatik 20:00etara Epaitegietako plazan egongo dira lasterketan parte hartuko duten ibilgailuak, egiaztapenetarako.

"Segurtasuna, gauza guztien gainetik"

Aparkatzeari eta kanpin dendarekin joateari dagozkien aipatutako debekuez gain, antolatzaileek eta babesleek segurtasun neurriak eta ingurumenaren errespetua gogora ekarri zituzten, beste behin, aurkezpenean.

"Segurtasuna, gauza guztien gainetik" dagoela adierazi ondoren, ikusleek proba "leku altu eta seguruetatik ikusi behar" dutela ekarri zuten gogora, "komisarioen ohar eta jarraibideak betez, eta plastikozko zinta gorriz itxita egongo diren debekatutako lekuetara sartu gabe". Bestetik, bakoitzak sortutako hondakinak jaso eta etxera eramateko ere eskatu zuten, "ez da gauza zaila eta. Mendia ez da zabortegi bat".

Zuzeneko jarraipena

Igandeko lasterketaren jarraipena egin nahi dutenek, www.fotomotor.es webgunean jarriko dituzte pilotuek lortutako denborak, zuzenean.